Tristea da gurasoek egindakoaz bizitzea. Aberastu badira eta hiltzean dirua laga baldin badigute primeran, baina aita, ama, aitona edo amama artista izan delako bizitza ateratzea ez da oso bidezkoa.
Sarritan artista hiltzen denean familiak bultzatzen du haren lana sustatzeko edo ezagutarazteko ekimena, baina gehiegitan artistaren oroimena bizibide egiten dute. Horrelakoetan, norbaiten seme, alaba edo biloba izateaz bizi direnetan, artistaren familiakoek mesfidantza baino ez dute sortzen.
Artea, beste giza ideia eta ekintza guztiak bezalaxe, guztiona dela pentsatzen dugunontzat, zaila egiten zaigu familiak artelanen gainean erabili nahi duen monopolioa. Jabego pribatuaren gizartean ez dut ukatuko familiakoen eskubidea beraien esku dauden artelanen gainean, baina horrek ez du onartzen interpretazioen gaineko eskubiderik.
Oteiza hildakoan bere iloba batek jasotako lanen gaineko eskubideak oztopatu ohi du artistaren borondatez sortutako fundazioaren ibilbidea, Oteizaren lana zabaltzeko orduan. Tamalez, horrelako adibide asko ezagutzen ditugu Euskal Herrian, baita hemendik kanpo ere.
Azken egunetan gehiegitan ikusten ditugu Txillidaren familiakoak aitaren borondatea betetzeko egoskortuta, batez ere Gasteizen berritu den Foru Plazan eta Tindayaren aferan. Kortesiaz artista izandakoaren familiakoak zabaltze ekitaldira gonbidatzea ondo iruditzen zait, baina komunikabide guztietan artelanari baino kasu handiagoa egitea artisten familiari harrigarria iruditzen zait. Ez dut uste artistaren semea, alaba edo biloba izateak inori iritzi kualifikatua eman diezaiokeenik, batez ere guztion intereserako edo eztabaidatsua den Tindaya bezalako gaietan.
Ez dakit zein den Txillidaren familiakoen interesa Tindayarako proiektuan, baina guztion ondare den natur eremua eta diru publikoz ordaindu behar den lanean ez dut uste artistaren familiaren iritziari garrantzi handia eman behar diogunik. Askotan artisten lanik interesgarrienak proiektuetan geratzen dira, eta ez dago maketa baino ezer ederragorik.
Familia artekoentzat artista jenioa da, eta artistaren borondatea betetzea ezinbestekoa iruditzen zaie. Gizarteak irizpide afektiboez gainera beste batzuk hartu behar ditu kontuan arte proposamenak aurrera eramateko orduan.
Begiz
Familia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu