Ohikoa baino luzeagoa izan zen herenegun Anoeta estadioan futbol derbyaren atarikoan Xabier Leteri eskaini zitzaion omenezko minutua. Haren argazkia markagailuetan jarri zuten ikusgai, baina erdiragarriena Xabierren ahotsa entzutea izan zen: Sinisten dut egunen batean hilen naizela...
Ez da gutxi futbol zelai batean euskal kulturari tarte bat egitea, baina jakin nahi nuke zer den Xabier Lete Anoetan bildutako gainerako gehienentzat. Eta beldur naiz erantzunaren.
Bakoitza libre da noski Leteri buruzko bere balorazioa egiteko, baina den-dena ere ez da libre, eta niri behintzat okerrak ez ezik onar ezinak iruditu zaizkit egunotan irakurri eta entzun ditudan kontu batzuk.
Urgell Kultura sailburu andereak, esaterako, Lete «balio demokratikoen aldeko sutsu» izan zela azpimarratu du, eta, hori horrela balitz ere, ez dago eskubiderik Leteren merituak horrela laburbiltzeko. Besteak beste, Xabierren pentsamendua hori baino askoz konplexuagoa izan delako beti, eta zerbaitek definitzekotan, ideien barne tentsio etengabeak definitu izan baitu oiartzuarraren pentsamendua. Egia da Euskalerri nerea, ezin zaitut maite utzi duela idatzia eta kantatua, baina esaldi horrek badu bigarren zatia ere (baina non biziko naiz zugandik aparte), eta iruzur egingo genioke, nori eta omendu nahi omen dugun horri, zatietako bakar batekin geratuko bagina. Adibide bat baino ez da, ehunka aurkitu litezke horrelakoak Leteren obran, beti ere euskal mundutik gertu bezain alde bateko zein besteko fundamentalismotik urruti: Gurdi okerra zuzen dezakeen / dotrinarikan ez dut nik.
Kantari moduan ez omen zen punta-puntakoa, hori ere entzun eta irakurri behar izan dugu, eta nago jendeak nahastu egiten dituela hor ahots ederra izatea eta kantari ona izatea. Gogoan dut -hemezortzi urteko bizipenak gogoan izaten diren modu bitxi apetatsu horretan bada ere-, birritan egon nintzela Ez dok Amairu taldearen emanaldia ikus-entzuten. Xabier bizardun bat dut gogoan, eta batez ere kantu bat, nik dakidala gero grabatu ez duena: Kate honek lotzen nau, kate honek nau hiltzen, / kate honen gogorrak / nau ederragotzen... Hondarribiko emanaldian, bazen gurekin mutil bat, organo jotzaile ospetsu baten semea, artean Estatu Batuetatik etorri berria, eta gogoan dut haren iruzkin miretsia: «Horra James Taylor euskalduna»Nik neuk, Bob Dylanekin parekatuko nuke, baina izango da hura ere kantari txarra dela esango duenik. Edo ez, ingelesez barkagarri baita, antza, euskaraz bekatu larria dena:Urrezko dukat eta dirua / ez dira engainu txarra / bazter batera apartatzeko / lehengo sinismen zaharrak.
Gauzak zer diren, nik handik urte askotara jakin nuen hitz horiek ez zirela Leterenak, euskal kulturak ezinbesteko duen beste erraldoi batenak baizik: Joxe Azurmendirenak, alegia. Durangoko nobedadeei begiratzea ondo dago, baina zeozer asmatu beharko genuke, jendea aspaldi argitaratuak izan arren nahitaez irakurri beharreko liburu batzuk irakurtzera bultzatzeko, Azurmendiren Hitz berdeak kasu. Edota Leteren kantuak.
Politikari ere izan genuen Lete, zenbait hedabideri deseroso bide bazaie ere. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatu zela, elkarrizketa luzea egin nion Euskadi Irratirako. Naturaltasun osoz aitortu zizkidan karguak sorrarazten zizkion kontraesanak, eta behin ere ez zuen bere estatusa baliatu elkarrizketa bideratzeko.
Ez dut uste Xabierrek inoiz egingo zuenik euskararen aldeko aldarrikapen arranditsurik, baina, niretzat behintzat, inork gutxik egin du Letek adina euskara bizigarriago izan dadin: euskara zabalduaz zabalago egin gaitu, egiten gaitu.
Jaio nintzen lekuan eta jaio nintzen garaian jaio izanaz pozteko arrazoi nagusietako bat dira niretzat Xabier Lete eta haren obra, orain eta hemen euskaldun izateaz harrotzeko motiboa.
XABIER LETEREN HERIOTZEAN. IRITZIA
Gauza ilunak eta arrazoi gordeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu