Andoni Tolosa.
Iritzia

Hain pertsona!

2014ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Beti sendo irudikatu izan dut, kasik bi metroko gizon puska, mikroaren aurrean lepoa apur bat okertua eta haren esku handietan are ñimiñoagoa zirudien banjoa. Sendo, zuhaitz zaharraren enborra bezala, ustez lehor baina oraindik indartsu, larruazal arraildua, denboraren orbainak agerian (orbain asko pilatzen dira 94 urtean), baina hurrengo enbata jasotzeko prest, hala ere.

Bai, uste dut oso ondo transmititzen zuela ezkertiarroi hainbeste gustatzen zaigun, edo gustatu izan zaigun, artistaren prototipoa; bere ideiei gogor heltzeko gai dena, nahiz eta horrek ostrazismoa ekarri, nahiz eta horrek modaz pasatako beste kantai protesta horietako bat bilakatu. Nahiz eta artista ezerosoa bihurtu. Noizean behin, editoreen inspirazioaren arabera, komunikabideren batean agertzen diren horietakoa. Baina, era berean, sormena, ekintza politiko bihurtzeko gai den artista. Politik pertsonen arteko elkarrekintzan oinarritutako mundu justuagoa eraikitzeko lanabes gisara ulertzen duena. Musika politika egiteko tresna gisara aukeratzen duena.

Bai, musikaria zen, eta komunista, eta bakezalea. Horiek bai lanak! Hamaika bilkura, manifa, greba eta mitinetan ahotsa zaildutako musikari, komunista eta bakezalea. Musika egiten emandako 70 urte baino gehiagotan bere ideologia sekula bazter utzi ez zuena, eta bidean, dozena bat gerra igarota, AEBetako, eta, ondorioz, hein batean, Mendebaleko gizartearen bilakaeraren kronika musikala egindakoa, kantaz kanta.

Eta, era berean, hain zirudien gardena, hain sinplea... hain pertsona. Pete Seeger XX. mendeko herri musikaren bilakaera ulertzeko figura klabeetako bat da. Aipatutakoaz gain, amerikar herri musika berreskuratzen egindako lan eskergak, bidean kaleratutako 100 diskotik gora, AEBetako eta munduko musikaririk mitikoenetako batzuekin egindako hamaika elkarlanek, merezi duten aitortza da hori.

Nolanahi ere, berak idatzi edo ospetsu bilakatu zituen, askotan ez bere ahotsean, munduko edozein ezkertiarrek bere diskotekannahitaez eduki beharreko kantetako batzuk. Entzun, mesedez, oilo larrua jartzen duen 1963ko We Shall Overcome diskoko Guantanamera-ren bertsioa: «con los pobrres de la tierrra quierrro yo mi suerrrte echarrr...» uste dut harekin ezagutu genuela haurrak besterik ez ginela, Pete Seeger. Orduan ez genekien oso ongi zer esan nahi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.