Handitasunez nonbait

2023ko abenduaren 16a
05:15
Entzun

euskadiko orkestra

Zuzendaria: Juraj Valcuha. Narratzailea. Mireia Gabilondo. Egitaraua: A. Coplanden 'Preamble for a Solemn Occasion (Hymn for the United Nations)' eta G. Mahlerren 1. sinfonia, Titan’. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: abenduaren 13a.

Euskadiko Orkestrak eskaini dituen azken programak askotariko batuten eraginak hauteman eta bereizteko abagunea izan dira. Oraingoan, Houstoneko Orkestra sinfonikoaren eta Napoleseko San Karlo antzokiaren zuzendari Juraj Valcuha eslovakiarra izan da gidari; oro har, Copland eta Mahler indartsuak aurkeztu zituela esan daiteke, nahiz eta batzuetan metalei bide zabalegia utzi, gainerako haizeekin zein hariekin desoreka ezarriz.
Nazio Batuen Gutunaren lehen artikuluak dioenez, bakea, segurtasuna, eskubide-berdintasuna eta lankidetza dira erakundearen asmo garrantzitsuenak. 1948ko abenduaren 10ean sinatu zen, Parisen, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala. Lehen urteurrena ospatzeko, Aaron Coplandek Preamble for a Solemn Occasion ereserkia idatzi zuen, hitzaurrearen hitzak mugimendu motel eta ospetsuan txertatzen dituena. Urteurrenaren ospakizuna izaki, hotsandikoz beteta dago pieza, forman zein edukian; tamalez, hasiera bizian metalen karranka nagusitu zen batez ere, fortea eta burrunba ezin bereizi.
Gustav Mahlerren 1. sinfonian ere metalen presentzia tematia gailendu zen behar baino gehiagotan. Bere lehen sinfonia bada ere, bertan Mahler helduaren printzak agertzen dira jada, orkestra-materiala maisuki moldatuz, instrumentuen berariazko tinbrea osotasunaren barruan agerraraziz. Horien eredu izan zen Euskadiko Orkestra, esaterako, Kräftig bewegt mugimenduan, konpas hirutarrean hariak eta zurezko haizeak hartu-eman ederrean sartuz, baita arrandiaz betetako itxieran ere. Baina Feierlich und gemessen mugimenduak izan zuen akaso irekierarik doi eta zirraragarriena, kontrabaxu solistak hileta-gaia aurkezten duenean, fagotak eta tubak sakontasuna gehituz, oboek gero klezmer musika sartuz.
Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 75. urteurrena ospatu dugu aurten, oraindik triskantzak edonon eta edonoiz topatu daitezkeen honetan. Komeni litzateke beste hainbeste urte igaro behar ez izatea giza eskubideen aplikazio unibertsala ospatu ahal izateko, musikarekin ala musikarik gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.