begona del teso
IRITZIA

Har dezagun jauregia!

2018ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Horixe zen greban ziren SNCF burdinbideetako langileen oihua iragan larunbatean. Cannesen. Tren geltokitik hurbil den Grand Auditorium Lumiererantz joateko orro egin zuten, batzarturik. Jakina, poliziak galarazi zuen ke-potez jauregi-hartze hori. Baina benetan ezinbestekoa dirudiela.

Cannesko Festival International du Film. Adina: 71 urte. Osasun eta adore egoera: hala moduzkoa. Norbaitek indarberritu beharko luke. Adinaren ajeak desager daitezen. Ezinezkoa izango da ez baldin baduzu temati, burugogor jokatzen errota-hegalak baino beso luzeagoak dituzten egungo eta biharko jiganteen kontra; ez badituzu zure aldamenetatik uxatzen gaur eta bihar irudiak sortzen (irabazi asmotan, jakina, ez gara gu inozoak, ez gara atzo jaioak) laguntza ezin hobea emango duten eta duela gutxi arte ezezagunak ziren plataformak.

Netflixez ari naiz, ez izan dudarik. Baina baita politikoki ortodoxoegi jarduten duen aukeratzaile sortaz ere. Eta erabaki xumeak, arriskurik gabeak hartzen dituzten epaimahaiez. Pentsamendutik ezin kendu eromen merkeak hartutako ikusleak. Nadine Labakiren horren gezurteroa den Capharnaüm-i buruz ari natzaizue berbetan. Ikusle horiek fin-fin jantzirik, txalo jotzen diete besteen mixeriak sasi-salatzen dituzten zinema puskei. Ez batzuk ez besteak ez dira sekula ahalke horretaz. Ezta damutu ere. Bihotzez jokatu dutela uste dute. Jakin gabe txalo zaparrada horiek besteekiko zorrak zuritzeko ere ez dutela balio.

Adinaren ajeak. Adorearen, tentsioaren beherakada. Etorkizuna nola eta nondik datorren jakiteko, ulertzeko ezina. Har dezagun bai jauregia! Ezin dugu ameto egin Kore-edak behin eta berriro errepikatzen (eta hobetzen) duen pelikula berak (Un affaire de familie) urrea irabazi izana. Ez dizuet esango zeinek irabazi behar zuen. Baina, ez jokoan ezer gutxi jartzen duen film erraz honek. Are gutxiago aurten sariketan Pawlikowskiren Cold War, Jia Zhang-keren Les éternels, Alice Rohrwacherren Lazzaro Felice edo Lee Chang-Dongen Burning genituela.

Adinaren kemen triskantza. Orain, kasik bezaturik dela saritzen dute Spike Lee! Bai, har dezagun jauregia! Ez intentzio txarrez. Bakarrik inori galdetu ahal izateko zergatik ziren zeluloidezko altxor eta atrebentzia guztiak beste sailetan. Un Certain Regard-en, esateko. Hona hemen zerrenda amaiezina: krudela bezain eztitsua den Lukas Dhonten Girl, zinema eskola zahar eta berri guztietan ikusi beharko zuten Bi Ganen Un grand voyage vers la nuit, Marokoko emakumeez horrenbeste eta horren ondo mintzatzen zaigun Sofia; Amazoniako herrien bertsolaritza Cantoria dela irakasten digun Joao Salaviza eta Renee Naderren Chuva e cantoría na aldeia dos mortos. Eta jakina, Eskandinaviako noir-a, Eskandinaviako kreatura fantastikoak eta mundu osoko izu eta alegrantzak lotzen dituen Gräns.

Har dezagun jauregia, bai. Bertan setioari eusten dioten horiek jakin dezaten borroka galduta dutela. Ekoiztuko du Netflixek Scorseseren azken-aurrekoa. Bukatuko dute haien laguntzaz Wellesek, diru eskasian beti, amaitu ezin zuen The Other Side of the Wind eta aurkeztuko du Cuaronek Roma, Cannes baino zinbelagoak diren beste zinemaldietan. Ez, ez da Netflix zinemaren zauri guztiak sendatuko dituen lagun jatorra, baizik poltsa diruz betea duen (eta betetzen jarraitu nahi duen) erraldoia... baina jauregia hartu behar dugu.

Aldarrikatzeko pantaila bakarra ez dagoela egun. Zure smartphonean Godard bat edukitzea ez legokeela batere gaizki, eta bideoak irrati izarra hil ez zuen bezala, ezerk ez duela mugimendua duen irudia akabatuko.

Jauregirantz goazen bitartean, zorionekoak zuek, Iparraldeko irakurleok, hortxe baitituzueGilliamen azken mirari eroa(L'homme qui tua Don Quichotte), airean zein lurrean, trenbideetan zein unibertsitateetangreban den herrialdeari horren ondo doakion En Guerre, denon ahotan dantza egin duen Plaire, aimer et courir vite eta harriduraz dastatuko duzuen Todos lo saben ausart desegokia

Har dezagun, bai, jauregia!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.