Josu Goikoetxea.
Analisia

Harraren elikadura

2012ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Nik badut nire barruan har bertsozale bat, normalean bakean uzten nauena eta egun guztian txintik ere egiten ez duena. Lehen, harrak, gazteagoa eta gartsuagoa zenean, txapelketa sasoietan bere burua ateratzen zuen, eta ez zen ezkutatzen bertsolari irabazlea txapela jantzita ikusi arte.

Hogeita bost urtez bertsolari txapelketa asko gozatzen eta sufritzen ibili ondoren, dagoeneko barruko har bertsozaleak bestelako zaletasunak ditu. Nekez erakusten du burua, ez bada lagun arteko saio gozoetan edo antzoki eta frontoietako bertsoaldi puntakoetan. Mokofin bihurtu da, eta aztoratu egiten du txapelketa batean bertsolariak aldats gora ikusteak, finaleko txartelaren bilaketa neketsuan.

Ez daki har berekoi horrek bertsolaritzak txapelketak behar dituela lurrak ura bezala, eta saio guztiak direla ezinbesteko.

Harrak ez daki, baina nik bai.

Hala ere, uste dut gaur, Miribillan, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean, har guratsu horrek nagiak atera eta bere aurpegi itsua erakutsiko duela berriz, eta behinolako emozioak berreskuratuko dituela. Azkenean, askori gertatzen zaigu antzeko zerbait, ezta?

Gainera, gaurko finalak baditu ezaugarri batzuk oso erakargarri egiten dutena. Lehena, eta zentrala, final parekidea izatea. Final honetako argazkiak erakusten digu etorkizuneko bertsolaritza nolakoa izango den. Maialen Lujanbiok, gizonen artean kantari, historiako bertsolari onenetakoa delako jantzi zuen 2009ko txapela; etorkizuneko emakume irabazleak, berriz, estatistika hutsagatik izango dira irabazle. Bertsolaritzan iraultza gertatzen ari da, samur eta erraz.

Ez dut uste, dena den, gaur emakume batek irabaziko duenik txapela, bi bertsolari maila bat gorago daudela uste dudalako. Besteekiko errespetu guztiarekin, eta sorpresak onartzeko prestasun osoz, okerrik ez bada gaurko txapela Arkaitz Estiballes txapeldunak eta Igor Elortza txapeldun ohiak jokatuko dute. Eta okurritzen zait ertz berria duela final honek: Igorrek aurreko txapelketetan Arkaitzi ateratzen zion abantaila estra desagertu egin da; orain biak dira gizonezko helduak, plazetan eskarmentu handia dutenak. Edozer gerta daiteke.

Beste seietatik, Ibarra, Paia, Lekue eta Enbeita entzuteak halako lasaitasun harroa ematen dio Bizkaiko bertsozaleari, oso maila oneko bertsolariak direlako, eta azken batean haiek direlako finalaren langa gorago edo beherago jarriko dutenak. Noski, lauretako batek matxinatzeko gogoa izan dezake, buruz burukora igaroz.

Azkenik, gazteenak, Amuriza eta Uria. Jone Xenpelar saria irabazi berritan dago, laino batean bezala egongo da gaur, eta hori ona izan daiteke, eta txarra ere bai. Ikusiko da. Mireni buruz, zer esan: Gernikan entzun nuen eta asko gustatu zitzaidan ofizioko lanean, baina bakarkakoan pisu gutxirekin sumatu nuen, garraztasun puntu baten faltan. Mireni gertatzen zaio gutxi gorabehera Amets Arzallusi gertatzen zitzaion gauza bera duela urte batzuk. Eta orain denok dakigu nola dabilen Amets.

Tira, buruak hitz egin du. Orain, barkatuko didazue, baina zerbait nabari dut sabelean, halako dardaratxo bat.

Bai, barruko har madarikatu hori da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.