Antton Iturbe.
Bi ahotsetara

Hazi gaiztoen kondaira

2013ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Plazaratu berri den Push The Sky Away Nick Cave eta Bad Seedsen hamabosgarren diskoa da, eta oraingoz, ia 30 urteetako ibilibidearen azken pausoa. Hala ere, australiar mito honen historia, garai jakin bateko musika, estetika eta kondairaz sakonki markatuta izan da beti: 1980ko hamarkadaren bigarren erdian Berlinen Blixa Bargeldekin batera sortutako tentsioz betetako musika ilun eta ederra eta dandy/deabrujunkiearen estetika erakargarria, hain zuzen ere. Ondorioz sortutako kultuak, mirespenak eta ia adorazioak sarritan bere aurka jokatu duen sailkapen estua ere eragin dute. Hots, pertsonaia jakin bati betirako lotuta egotearen arriskua.

Zorionez, Nick ez da horrelakoa, edo nik behintzat ez dut horrela ikusten. Dagoeneko hamar urte baino gehiago daramatza desintoxikatuta, lau seme-alaba dauzka eta Ingalaterrako herri txiki batean bizi da. Egunero zortzi ordu pasatzen ditu musika eta testuak idazten pianoaren aurrean. Bad Seeds-ez eta Grinderman-ez gain, filmetarako musikak sortu ditu, eta dagoeneko fikziozko bi eleberri plazaratu ere bai. Are gehiago, 1996an The Boatman's Call disko introspektibo, lasai eta zoragarria aurkeztu zuenetik, autoparodia baztertuz, era batera edo bestera beti aurrerantz begiratzen saiatu da. Disko lasaiak, bortitzak, oso onak eta ez hain onak egin baditu ere, horren guztiaren gainetik, bere kondairak baldintzatu gabeko pertsonaia berri bat eta harentzako hizkuntza musikal berri bat eraikitzeko gai izan da.

Horregatik, Push The Sky Away-ren bitartez inoiz baino urrutiago joan den honetan, bere musika espresio minimora biluzi duenean, loop elektronikoekin jokatuz, etereo, misteriotsu eta liluragarri agertzen zaigun honetan, oraindik eta ulertezinagoa egiten zaizkit kritikari batzuen adierazpenak eta jarrera. Nick Cave basati, ilun eta apokaliptikoaren kuota bat etengabe eskatzen diotenei, behingoz Nick Cave berria ahaztu edo onartzeko eskatuko nieke. Eta hala bada, haren musikaz aurreritzirik gabe gozatzeko. Disko honetan aukerak sobera izango baitituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.