Iban Zaldua.
Elefanteen zimiterioa

Hiru Gabon-album

2023ko abenduaren 24a
05:05
Entzun

Ez ditut Gabonak sobera maite. Ez naiz agian Grinch mailara iristen, baina bai Mr. Scrooge-renera, nahiz eta oraingoz ez dudan topo egin Gabonen izpirituaz gaztigatuko nauen mamu batekin ere. Ez dut jasaten data hauetan dekretuz ezartzen den poztasun faltsuko giroa, batez ere kontsumismorako dei lotsagabeekin eta, azken aldian, argiztapenerako kilowatt-gastu gero eta arranditsuagoarekin gurutzatzen delarik. Zeinaren sustrai (aurre)historikoak ulertzen baititut (solstizioarekin gutxitu diren argi-orduen kontrako antidoto numinosoa da, ados), baina neurriz kanpokoa dena, egungo zirkunstantzietan. Edonola ere, giro horrek guztiak gure bizitza turbokapitalistari ezartzen dion erritmo are azeleratuagoak kezkatzen nau, sinestuna izan gabe ere (edo agian horrexegatik), kontraesankorra iruditzen zaidalako (eta, halere, bertan parte hartzen dudalako berdin, honelako erresistentzia-saio pasibo-kexati-patetikoak albo utzita). Eta zeinari, dudarik gabe, musikak ere bere ekarpena egiten baitio, Gabon-kanten proliferazioaren eskutik, are The Pogues bezalako talde kutun batez nazkatzera eraman zaitzakeena (zer esanik ez Mariah Carey-z!). Albumen arloan (Elefanteen Zimiterioaren sail hau albumez doa) azpiproduktu pozoitsu bat ekarri duena: Gabon-albumena hain zuzen ere. Ohitura, noski, lehenagotik dator, gutxienez standarden arotik (rockaren aurreko pop amerikarraren garaitik alegia), Bing Crosbyk edo Frank Sinatrak grabatu zituztenetatik eta abar, baina segida izan du ondoren ere, arau bihurtzeraino kasik: Gabon-diskoak grabatu dituzte Elvis Presley,The Beach Boys, Dolly Parton, Johnny Cash, The Carpenters eta Taylor Swift gisakoek, baina baita (printzipioz) horren susmagarri ez diren beste batzuek ere (Bob Dylanek, James Brownek, Surfjan Stevensek, Weezerek, She & Him-ek…). Edonola, gaurko eguna zein den kontuan hartuta, nire hiru begikoak zerrendatzera behartuta ikusi dut neure burua.

ASKOREN ARTEAN

'A Christmas Gift For You From Phil Spector'
Philles Records, 1963.

'A Christmas Gift For You From Phil Spector' diskoa
'A Christmas Gift For You From Phil Spector' diskoa

 

Gabon-kanta klasiko estatubatuarrak rock-and-rollaren abarora eramateko ahalegin goiztiarrenetako bat Phil Spector produktore izarraren faktoriak osatu zuen. Kantuok 1960ko hamarraldi hasierako pop-rock orkestratuaren eta bigunduaren adibide bikainak dira, Spectorren orduko protegée kutunek abestuak: Darlene Love —Christmas (Baby Please Come Home)-ren bertsio ikaragarria egiten duena—; The Ronettes (nola ez), Frosty The Snowman klasikoa guztiz bereganatzen dutenak; The Crystals, gauza bera lortzen dutenak Santa Claus Is Coming To Town-ekin; eta Bob B. Soxx and The Blue Jeans, soularen alde gozoenera eramaten dutenak The Bells of Saint Mary bezalako kantak. Guztia, zer esanik ez, Spectorren Wall of Sound azpiratzailearen laguntzarekin. Girl groups delakoen soinua gustatzen zaienentzat, disko saihestezin bat, estatus propioa daukana, Gabon-albumen azpigenerotik harago. Guztira hamabi kanta, gehi hamahirugarren pista bat zeinetan Phil Spectorrek berak, harro(egi), bere musikariek interpretatutako Silent Night-en fondoaren gainean, Gabon zoriontsuak eta urte berri ona desio baitizkigu entzuleoi, gaur egundik adituta, eta jakinda Spectorren ondoko ibilbidea zein izan zen —The Ronetteseko Ronnie emazteari pairarazi zion guztia, eta Lana Clarkson aktorearen hilketa, zeinaren ondorioz kartzelara zigortu baitzuten: bertan zendu zen—, makur samarra dirudiena, Gabonen izpirituaren haragitze bezala bederen. Apple Recordsek, Beatlesen konpainiak, 1970eko hamarraldian berrargitaratu zuen, lehenengoz atera zenean baino arrakasta gehiagorekin, eta are siniestroagoa bihurtzen zuen azal berri batekin, zeinetan, taldeen ordez, Spector bera Santa Claus bezala (WTF) mozorrotuta ageri baitzen.

JETHRO TULL

'The Jethro Tull Christmas Album'
Fuel 2000 Records, 2003.

JETHRO TULL /'The Jethro Tull Christmas Album'
JETHRO TULL / 'The Jethro Tull Christmas Album'

 

Kanta klasikoen bertsioak egiteaz gain, Gabon-album bat muntatzeko bigarren estrategia abesti berriak sortzea da, Gabonekin (edo, gutxienez, neguarekin) zerikusia dutenak, egunen batean klasiko bihurtuko diren esperantzarekin akaso. Jethro Tull taldearen honek bi bide horiek nahasten ditu. Alde batetik, bertsioak, askotan instrumentalak, baina estatubatuar standardena baino askoz ere tradizio zaharrean bilatuak: kanta herrikoi britainiarrarenean (Greensleves, God Rest Ye Merry, Gentlemen) eta musika klasikoarenean (Bach, Mendelssohn eta Faureren aldaerekin). Eta, bestetik, taldearen, hots, batez ere Ian Anderson kantari eta flautistaren konposizioak, zeinen artean, zalantzarik gabe, diskoaren ardatza, A Christmas Song baita, Gabonen komertzializazioaren aurkako aldarri hippylongoa, Jethro Tullen kanta ederrenetariko bat, eta disko honen jatorrizko abestien leitmotiv nagusienetako bat. Sail honetan, badakit, diskoak ordena kronologikoan jartzeko ohitura daukat, baina kasu honetan salbuespena egin dut, zeren eta, egia bada ere diskoa 2003an kaleratu zela, kanta asko antzinakoen birgrabaketak dira: jatorrizkoei begiratuta album hau gehiago legoke kokatuta Living In The Past bildumaren (1972) eta Songs From The Wood (1977) artean. Oro har, rock progresibotik urrunduz, bertsio hauek gehiago arrimatzen dira Steeleye Span edo Pentangle estiloko folk-rock ingelesera, eta kasu batzuetan irabazten dute (Ring Out Solstice Bells, Fire At Midnight), baina beste batzuetan ez hainbeste, nahiz eta beti den entzuteko atsegina. Baldin eta Andersonen txirula soinuak eta kutsu nostalgikoa jasateko gai zaren, noski: oso kontziente naiz ez dela aho guztientzako platera…

ASKOREN ARTEAN

'Navidades radioactivas'
DRO, 1982.

'Navidades radioactivas' diskoa
'Navidades radioactivas' diskoa

 

Aipatu bi estrategia horiek (bertsionatzea/sortzea) erabiltzen ditu, orobat, beste album kolektibo honek. Hirugarren osagarri bat gehituz: irakurketa ironikoa. Kasu honetan, gainera, esperimentazio asmoko grabazio batean: barruko oharren arabera, taldeak, aldez aurretiko abisurik gabe, Madrileko estudio batera deitu zituzten, eta 6-8 ordutan Gabon-kanta berri bat obratu behar izan zuten. Movidaren ikur izandako DRO diskoetxe (orduan) independentearen ekimena izan zen, eta garaiko soinuak dira nagusi: punketik techno-popera doan espektro guztia, protogotizismotik igarota. Hamahiru talde, hamahiru kanta labur. Batzuek ez zuten bizitza konplikatu: Gabon-kanta tradizionalen bertsio azeleratu eta ganberroak egiten dituzte (Glutamato Ye-ye-k hainbeste ezen ez baita jatorrizkoa ere ezagutzen, T.N.T granadarrek El Tamborilero, Camaleones-ek Noche de paz, Noche de paz, noche en Vietnam bihurtzen dutena, etab.). Interesgarriagoak dira, agian, jatorrizkoak: Siniestro Total-en Afunfún, afanfán (Germán Coppini kantari zutela), Seguridad Social-en Tu único fan, eta, batez ere, Aviador Dro-koen El nacimiento de la industria, haien edozein hiten mailan. Deigarria da, bestalde, euskal jatorriko taldeek duten presentzia nabarmena: Derribos Arias (Estrellas, sol y luna eskizoidearekin), N-634 efimeroak (Poch eta Kike Turmixekin, «Ásomate a la ventana / hay un batzoki en la luna» eta «Lemóniz goma dos» kantatzen dutenak, besteak beste), Agrimensor-K (La Dama Se Esconde-ren aurreko talde depresiboa), eta Mogollón, Secuestro en el portal ska-pop eraginkorra ontzen duena. Eta gero esango dute Donosti Soundeko taldeek izkin egiten ziotela garaiko euskal gatazkaren gaiari…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.