Iban Zaldua.
Elefanteen zimiterioa

Hiru hasiera aizun (samar)

2024ko otsailaren 4a
05:05
Entzun

Badaude banda edo solista batzuen lehenengo album batzuk ez diruditenak egile horienak, eta fan berria, ez baditu hasieratik jarraitu eta, zaletasunaren sukarrean, lortzen dituenean, harri eta zur uzten dutenak, gutxienez, hain dira ezberdinak artistaren lan kanonikoekin alderatuta. Izan ere, zenbaitetan, ezabatuak geratzen dira historiatik: nik, behintzat, sorpresa hartu nuen jakin nuenean David Bowieren lehenengo albuma ez zela garai batean Space Oddity (1968) bezala ezagutzen genuena (egun, sinpleki, David Bowie, hori baitzuen jatorrizko izenburu), baizik eta izen bereko beste bat, 1967koa, eta ez zeukana zerikusirik batere bigarren ahalegin horren soinu erdi-hippy eta aurre-glamarekin: izan ere, lehenengo albumeko musika lotuago zegoen mod eszenarekin, britainiar music hall-aren tradizioarekin edo The Walker Brothersen gisako pop barrokoarekin, Bowiek ondoren egin zuen edozerekin baino. Eta hain zegoen deliberatuta bere gaztaroko lehenengo bekatu haren aztarnak ezabatzeko ezen, baiki, bigarren albuma aurrenekoa bezala bataiatu baitzuen —nagusitan Bowie saiatu zen garai hartako soinua berreskuratzen, kanta horietako batzuk birgrabatuz, baina ez dirudi guztiz berradiskidetu zenik lehen etapa harekin, disko hura, Toy, ez zuelako bizirik zegoela argitaratu, eta oraintsu baizik ez dute egin, hil osteko ahalegin nekrofiloen testuinguruan—. Edonola ere, Bowie ez da agian adibiderik onena gai honen inguruko Zimiterio bat osatzeko, bizpahiru diskotik behin estiloz erradikalki aldatzen zenez gero. Adibide gehiago ekar daitezke gogora, Genesisen lehenengo albuma bezala (From Genesis To Revelation, zeinetan gero egin zuten rock progresibotik urrun zegoen popa baitzen nagusi), UFOren bi  lehenengoak (space rock alorrekoak, taldearen ondorengo heavy doinuekin zerikusi gutxikoak), edo Itoizen lehenengoak, 1980ko hamarraldian garatu zuten new  wave  soinuarekin lotura gutxi aurkezten zutenak. Gaurkorako ildo bereko beste hiru adibide aukeratu ditut: ea zer deritzozuen.

Status Quo

'Picturesque Matchstickable Messages from the Status Quo'

Pye, 1968.

(ID_13546349) (/EZEZAGUNA) status
Picturesque Matchstickable Messages from the Status Quo diskoaren azala.

 

Status Quo, rock konbentzionalenaren eta hamabi konpasetako blues-boogie arruntenaren praktikatzaileak, talde psikodeliko bat izan zirela hastapenetan? Ba bai. Eta ez, preseski, bluesetik abiatuta, pentsatzekoa izan zitekeen bezala (Pink Floyd, modu abangoardistagoan, garaibertsuan egiten ari zen bezala, alegia), baizik eta popetik: 1966tik aurrera, eta The Beatlesen Revolver-etik abiatuta hamaika talde britainiarrek eta mundu mailakoek egin bezala: pysch-popa moda bihurtu zen hurrengo bi urteetan, eta The Status Quo (ordura arte The Spectres eta The Traffic Jam izenen pean aritutako beat talde ez bereziki distiratsua) bete-betean apuntatu ziren, izena aldatuz bidean —eta latinkeriak botatzea gustuko duten ezikasiak betirako nahastuz, espresio zuzena egoera egonkor tradizional bat aditzera emateko, hizkuntza erromanikoetan, eta baita euskaraz ere, statu quo delako, noski, s-rik gabe—. Eta ez, esan bezala, psikodeliaren alde esperimentalenetik, baizik eta atseginenetik, hamabi txupatxus lisergiko eta absurdoz osatutako elepe oso entzungarri bat utzita bidean. Pictures Of Matchstick Men singleak oihartzun pixka bat lortu bazuen ere, eta diskoak kantu oso pasamodukoak dituen arren (Ice In The Sun, Elizabeth Dreams, Technicolor Dreams... amets franko, ikusten duzuenez), diskoak, bere osotasunean, ez zuen funtzionatu maila komertzialean. 1969ko Spare Parts hurrengo albumean, izeneko The hori galduta, eutsi egin zioten psikodeliari, baina hirugarrenean, Ma Kelly's Greasy Spoon delakoan, Deep Purple eta Humble Pie imitatzen hasi ziren, eta beren soinua gogortzen, denok ezagutzen dugun Status Quo ez horren interesgarri horiek bihurtuz bidean. Pena, ze niri psikodelikoak dezente gehiago gustatzen zaizkit...

the sugarcubes

'Life's Too Good'

 One Little Indian, 1988.

sugar
Life's Too Good diskoaren azala.

 

Ados, kontziente naiz, hemen tranpa egiten ari naiz, ze nire asmoa Björk kantaria famatu egin zuen lehenengo disko hau eta, ostean, 1990eko hamarkadan zehar bakarlari gisa abiatu zuen bidea alderatzea baita. Zer esanik ez, bere ahots plastiko eta oihukaria, horren bitxia, hortxe dago jada: horixe izan zen The Sugarcubes taldearen bereizgarri nagusienetako bat. Baina, bestela, zerikusi gutxi: Life’s Too Good oso disko otxenteroa da —80etako azkeneko diskoa izan zela esatera ausartuko nintzateke, 1988koa den arren: ordurako hurrengo hamarkada markatuko zuten soinuak ari ziren mamitzen jada: Madchester, grungea...—, gitarra-baxu-baterian oinarrituta (Björkek berak jotako teklatuak hor atzean bazeuden ere), eta The Cureren eta Talking Headsen nolabaiteko gurutzaketa planteatzen zuena, azken emaitzak ez bata ez bestea gogorarazi arren. Niri, entzun nuenean, bonbazo indie bat iruditu zitzaidan, Motorcrash, Birthday, Delicious Demon edo Deus bezalako kantatzarrekin (besteak beste): aitor dut aspaldi ez nuela entzuten, eta hau idazteko berriro ipini dudanean, dantzan hasi naizela automatikoki, eta, triste nabilen arren, bat-bateko alaitasun artifizial (eta, bai, otxentero) bat nagusitu dela nitaz. Diskoetxeak, independentea eta txikia izanik ere, publizitate kanpaina eraginkor bat jarri zuen martxan saltzeko (kartel handiak, kolore fosforito diferenteetako azalak: nirea arrosa zen, baina bazeuden, oker ez banago, berdea eta laranja ere...). Edonola ere, zerikusi gutxi, musikalki, Björkek Debut (1993) elektroniko eta marabillosotik aurrera egin zuen bide sailkaezinarekin, zeinaren ondoan album hau, horren estrainioa iruditu zitzaiguna ordu hartan, kasik konbentzionala dela esango baikenuke, egun...

Ocean Colour Scene

'Ocean Colour Scene'

Fontana, 1992.

(ID_13546373) (/EZEZAGUNA) ocean
Ocean Colour Scene diskoaren azala.

 

Gaurko Zimiterioko zirkulua modu ia perfektuan ixten du disko honek, ze hemen, Status Quorenean bezala, psikodelia dago, baina ez jada Summer of Love garaikoa, baizik eta Madchester-en galbahetik pasatuta, hots, 1980ko hamarkadaren amaieran kluben kulturaren, rave-en eta estasiaren nahasketatik sortu zen rock independente berriarenetik, zeinaren iturri historiko nagusienetako bat 60etako psikodelia izan baitzen: The Stone Roses, The Charlatans edo Inspiral Carpets bezalako taldeek aitzinatu zutena, besteak beste. Ocean Colour Scenekoak, ordea, ez ziren Lancashirekoak, Birminghamekoak baizik, eta haien musika gustuek harreman handiagoa zeukaten enegarren mod revivalekin, baggy mobidarekin baino. Mugimendua ez zen ezohikoa izan: Blur londrestarren lehenengo albuma, Leisure, 1991koa, ildo berekoa da, eta Albarn eta konpainiaren ondorengo ibilbidea ere aski ezberdina izan zen. Kontua da Blurren kasuan, behintzat, lehen disko baggy hori erabaki kontziente baten ondorioa izan zela. Baina arazoa, Ocean Colour Scenekoentzat, izan zen diskoa grabatu zuten etxe independentea, Phfftt Records, Fontana-Phonogram handiak xurgatu zuela (merkatua honelakoa da, lagun), eta majorrak, taldearen baimenik gabe (OMG!), Madchester erara nahastu zuela diskoa. Eta emaitza, zalantzarik gabe, atsegina da, baina kantek ez dirudite Ocean Colour Scenerenak (eta ez dira Blurren lehenengo disko horretakoak bezain onak, edonola ere). Lau urte pasatu behar izan ziren, eta Paul Weller modfather-aren laguntza tartean, haien benetako doinua aurki zezaten, Moseley Shoals klasikontzian (1996), Britpop aroarekin abilki bat eginez: nik, noski, orduan ezagutu nituen. Eta haien aurreneko diskoa zela sinetsi, urte askotan zehar...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.