Ana Arsuaga.
Bi ahotsetara

Hitz egitearen arazoak

2024ko otsailaren 4a
05:05
Entzun

Bronquio-rekin EP bat ateratzear nago. Prentsa oharretarako testu bat eskatzen didate beti agentziatik musika berria argitaratu behar dudanean, eta eginbehar hori arazo bat iruditzen zait. Adibidez, atera den abestia, Maite, nauzu zeharkatu izena duena, abesti erotiko bat da, desira bati buruzkoa. Zer esan beharko nuke, zer gehitu? Zergatik? Ez al dago berez guztia letran? Gainera, abesti bat bere letra bakarrik al da? Eta abestia dena, azken finean, azaldu behar al du artistak edo edonork? Zeinek ahalko luke?

Egiten duzun kantuan esateko daukazuna esan duzu, edo esaten dakizuna, eta, hori ere ez baduzu lortu, behintzat zentzua daukan zerbait sortu duzu, berez bere akats eta bertuteekin, baina forma jakin batean sostengatzen dena, eta besterik exijitzen ez duena, hau da, bere horretan izatea, eta nahi duenak entzutea, gozatzeko, negar egiteko, dantzatzeko, barre egiteko… eta abar.

Prentsa oharrak, ordea, iritziak, zutabe hau, elkarrizketak… Bestelako helburuekin eta espektatibekin egin eta irakurtzen dira. Beste hizkuntza bat eskatzen dute. Argudioak, arrazoiak, zuzentasuna, proba, hobekuntza, ardura, iritzia. Nola demontre jakingo dut nik ezer hori ondo egiteari buruz? Nola egongo naiz gustura neure burua telebistan tontakeriak esaten ikusiz?

Un País para Escucharlo saioan atera nintzen orain dela gutxi, Ruper Ordorikarekin batera. Ariel Rotek bertsolari bat zer den galdetu zidan. Eta ni, gaztelaniaz, azalpena ematen azaltzen naiz; zein eta ni, bertsolarietan aditua izango banintz bezala, edo nire musikaren eta bertsolarien arteko harremana sobera ezaguna izango balitz bezala.

Harreman hori ere, noski, beste elkarrizka batengatik sortua. Elkarrizketa horretan, euskal folkarekiko maitasuna azaldu nuenean, euskal folkaren artista berri bezala izendatzen hasi zitzaizkidalako, eta nik ezeztatu nuenean, eta adibide gehiago ematen saiatu nintzenean, reggaetona, dream-pop-a eta bestelako iturriak izendatuz, bertsolaritza ere aipatu nuelako, zentzu eszeniko soil eta indartsu baten adibide bezala.

Hortik aurrera, aldiro bertsolaritzari buruz galdetzen didate. Buruberokeria hutsa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.