Ana Arsuaga.
Bi ahotsetara

Hitz erotiko berriak

2023ko abenduaren 24a
05:10
Entzun

Kontzertu batetik bueltan, Loiuko aireportuan autoa hartu nuen eta etxera abiatu nintzen. Gaua zen, hotza egiten zuen, eta errepidean ez zebilen jende asko. Musika zerrenda bat jarri nuen mobilean. Zerrenda hori reggaeton abestiek osatzen dute gehienbat; «horrela ez naiz lokartuko», pentsatu nuen.

Zatiak abesten nituen, eta gero musika bera ahaztu ere egiten nuen, nire pentsamenduetan murgilduta. Horrela nengoela, ordainlekura iritsi, eta beti bertan egoten den gizon argal eta burusoil baten postuan gelditu nintzen. «Kaixo», «kaixo» , tiketa luzatuz. Atentzioa musikan geneukan biok, halabeharrez, isilik. Ms Ninaren ahotsa, efektu zorrotz harekin, gauaren isiltasuna kontuan hartuz, eta inguruan auto gehiago ez zeudenez, ñabardura guztiekin entzuten zen nire autoko leihatila jaitsitik mundura; «me pongo coqueta, pa que me lo meta, que me meta miedo, no es lo que tú piensas». Listua irentsi nuen eta gizonari begiratu nion, berak begietara so egin zidan, serio, txanpon batzuk nire eskuan utziz. «Eskerrik asko» esan zidan; «zuri». Ahotsak jarraitu zuen, «siempre culeando, nunca llorando». Arrankatu, eta handik urrundu nintzen.

Barre eginez gidatzen ari nintzen, apur bat lotsatuta, eta pentsatu nuen emakume baten ahotsetan hitz horiek entzutea erradikala, lizuna egin zitzaidala; ezustekoa izan zela, hirugarren pertsona bat agertzean. Bad Bunny-ren abesti batekin inoiz ez litzaidake gertatuko, gizonen abesti antzekoak asimilatuak izango ditugulako, ziur aski, orain dela urte asko hedabide gehienetan, tabernetan, eta abar jartzen direlako, eta arteetan, komunikabideetan eta bizitza errealean, gizonezkoaren sexualitatearen adierazpena entzutea gure egunerokotasunaren parte delako.

Badago, ordea, hutsune horretan, zerbait interesgarria nire ustez; gure sexualitatearen deskribapena egiteko zelai garbi bat, zerbait egiazkoa eta oparoa sortzeko aukera, azken finean. Nik horrela sentitzen dut hitzak idaztean, behintzat, —euskararekin gertatzen zaidan bezala—; zailagoa dela, nolabait, betiko leloetan erortzea, ez baitago betiko lelorik, edo ez hainbeste; gaia bera ez delako hain material popularra. Horrek ahalbidetu dezake erotismo propio baten hitzen bilaketa posiblea izatea, hitz berriak erabili ahal izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.