Juan Luis Zabala
DENA ETA EZTENA

Huts egiten ez duen heroi antiheroikoa

2014ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Poza ematen du Mari Sol Bastidaren Memoriak. Mikel Laboaren biografia bat liburuaren irakurketak. Niri behintzat poza eman dit. Poza da batik bat liburua irakurri ahala sentitu dudana. Alderdi mingotsei uko egin gabe —Mari Sol Bastida zorrotzegia da, bere buruarekin batez ere, tranparik txikiena ere egiteko, eta ez du funtsezkoa, garrantzizkoa edo pertinentea iruditu zaion ezer ezkutatu—, liburuak Mikel Laboa pozik bizi izan zelako ideia utzi dit, gaixoaldi ugari eta sarritan luzeak pairatu, eta bestelako arazo eta krisi zailei ere aurre egin behar izan zien arren. Hortik nire poza.

Mikel Laboaren lana eta bizitza ezagutarazteko ahaleginean, batzuetan aztoragarria ere gerta daitekeen gertutasun bateraino eramaten du liburuak irakurlea. Orduan, irakurleari —berdin dio Mikel Laboa oholtzan baino ezagutu ez bazuen—, gertutasun horretan, samurtasunez oroitzen den aspaldiko lagun bat iruditzen zaio Mikel Laboa, eta hura berriz ikusteko gogoa pizten zaio, eta hura kantuan entzutekoa, eta oholtza gainean Mikel Laboa izateko haren modu partikularra zuzenean mirestekoa.

Liburuari esker, azken 50 urteotako euskal musikagintzaren historia hobeto ezagutzeaz gain, beste geruza bat erantsi diogu gure izaeraren parte bihurtua dugun kantari, musikari, musikagile eta oholtza gaineko artista horren ezagutzari. Are maiteago dugu aspaldidanik gure barruan bizi den eta inoiz huts egiten ez digun heroi antiheroiko erraietaraino apal eta harrokeriarako genetikoki ezindu hori. Huts egiten ez duen heroi antiheroikoa baita Mikel Laboa. Lehendik ere banuen irudipen hori, eta indartu egin dit Mari Sol Bastidaren Memoriak. Mikel Laboaren biografia bat-en irakurketa pozgarriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.