Alberto Barandiaran.
SORBIDEAK

Idazleek ez dute elkarrizketetan sinesten

2014ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Beharbada elkarrizketak izango dira kazetaritza klasikoaren estandarrik gorena. Elkarrizketan parez pare jartzen dira kazetariaren jakin nahia eta iturriaren esan nahia, eta oreka joko sutil eta eusteko zaila sortzen da.

Noski, elkarrizketa mota asko daude. Generoaren kalitatea neurtzeko modu fidagarrienetako bat da galderak arretaz irakurtzea. Askotan, erantzunek baino gehiago esaten dute. Badira elkarrizketatuak ezeroso jarri nahi dituzten elkarrizketatzaileak, ring batean balira bezala. Helburua dute kontrarioa izkinara bultzatu eta han ihesbiderik gabe uztea, haren diskurtsoaren zirrikituak topatu eta agerian uzteko. Politika sailetan asko erabiltzen dira. Beste elkarrizketatzaile batzuek nahiago izaten dute elkarrizketatua eroso sentiaraztea. Zirrikituak topatzeko beste estrategia bat da.

Elkarrizketa batzuetan, elkarrizketatzailea oso protagonista da. Galderen bidez, konplizitatea sortzea izan ohi du asmoa, joko eta harreman hariak luzatzea elkarrizketatuarekin. Kultura orrietan usu erabiltzen da teknika hori.

Elkarrizketa guztietan, arazorik handiena izaten da galdera erantzuna bera baino luzeagoa denean. Zerbait ez dabil ondo.

Literaturan, The Paris Review aldizkari estatubatuarrak mundu osoko idazleei egindako elkarrizketak oso sonatuak dira. Esaten da mugarri bat direla kazetaritza literarioaren giroan. Baina ez da ahaztu behar oso erlatiboa dela elkarrizketa batean esaten denaren benetakotasuna. Enrique Vila Matas idazle katalanak esaten zuen idazleek ez dutela elkarrizketetan sinesten. «Elkarrizketetan inork ez du egia esaten, edo lehen elkarrizketan esaten da egia, eta gero ez da errepikatzen, oso nekagarria delako beti gauza berari erantzun behar izatea».

«Norbera da fidagarritasun txikiena daukan iturria» esan zuen Italo Calvinok. «Norbere buruari buruz hitz egiten dutenek beti esaten dute gezurra».

Beraz, zer geratzen zaio elkarrizketatzaileari? Gezur hori agerian uztea, edo gezurretan sinetsi eta literaturaren beraren gezurrarekin bat egiten saiatzea. Azken finean, zer da literatura, munduaren azalpen balizko bat baino ez?

The Paris Review-ko elkarrizketa gogoangarri horietan, estilo bat sortu zen: elkarrizketatuarekin behin baino gehiagotan egotea, batzuetan elkarrizketatzaile bat baino gehiago egotea, eta elkarrizketa zuzentzeko aukera ematea elkarrizketatuari. Alegia, elkarrizketatuaren baimen osoarekin argitaratu dira, teoriaz, elkarrizketa guztiak.

Horrek hautsi egiten du elkarrizketatzaile askoren ahalegin inoiz ez aitortua eta intimoenarekin: lortzea elkarrizketatuak esan dezala esan nahi duena baino gehiago. Areago, esan dezala esan nahi ez duen horixe.

Alde horretatik, miresgarria da elkarrizketa hauen atzean dagoen ahalegina. Louis-Ferdinand Celineri hil baino hilabete lehenago galdetu zioten idazle handia sentitzen zen: «Idazle handia? Horretarako, lehendabizi, hilda egon behar duzu, gero etorriko dira sailkapenak». Jean Rhys Dominicako idazleak, berriz, zorigaitzarekin lotu zuen bere sormen lana. «Zoriontsu izan naizean, ez dut idatzi, inoiz ez. Eta aukeratu beharko banu, idaztea edo zoriontsua izatea, azken hori aukeratuko nuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.