Patxi Zubizarreta.
HIRUDIA

Ilunkeran

2014ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Hasperena eragin zidan Katixak, azken zutabean, literaturaren balizko ahalmen eraldatzaileaz egin zuen galderak (Kontsolatzaile intimoa ala arma politikoa?). Alabaina, hasperenarekin batera, oroimina piztu zidan, eta oroimena. Alde batera, oroimina, oraindik ere gogoan dudalako, artean filologiako ikasle berde, iluntze batez nola joan nintzen Donostiako udaletxera Literatura eta iraultza izeneko mahaingurura. Txillardegi eta Joxe Austin Arrieta ditut gogoan, sutsu —garaiak ere bestelakoak ziren: jendea erruz hurbiltzen zen halakoetara, kasik dena egiteko eta idazteko zegoen…—; baina, oroz gain, gogora datorkit saioa amaitutakoan kanpora irten, eta nahigabea hartu nuela bizikleta lapurtu zidatelako. Baina, beste aldera, oroimena ere piztu zidan Katixak, izan ere Joan Mari Irigoienek oraintsu egindako adierazpenak oroitarazi baitzizkidan: «Boteretsuak gero eta aberatsago eta ahaltsuago, eta pobreak egunetik egunera pobreago ikusteak neure onetik ateratzen nau. Kezka handia eragiten dit boteretsuak egiten duen errealitatearen —eta, bereziki, bortizkeriaren— manipulazioak». Eta oroimina eta oroimena diot, amorrazio eta etsipen horiexek zirelako Irigoienen orduko —eta egungo— lanen pizgarri: aldarri egiteko, aldaketak bideratzeko.

Tenore hartan halakoxeak ziren horren gogoko nuen Heinrich Böll idazlearen gogoetak ere, eta haiexen eraginez, nire lehen nobela patetikoaren aitzakian, haren sorlekuraino bidaiatu nintzen, Koloniaraino alegia. Baina egoera historikoa arras aldatu da eta, gutxi-asko, honela mintzo da alemana ere badugun Botho Strauss idazlea: «Belaunaldi askok, azkenak batik bat, arintasunez bizi izan dute historia, iraultza baten ikuspegi euforiko edo katastrofikoan; gaur, ostera, irudi luke historia erretiratu egin zaigula, atzean halako axolagabekeria laino bat utzita». Chirbes idazle valentziarrak gaineratzen du gaur egun jakin ere ez dakigula subjektu historikoa nor den, eta ustezko egietara iritsirik ere, moden antzera lausotzen eta aienatzen zaizkigula. Baina, apokaliptikoago jarririk, intelektual lozorrotuen eta idazle solipsisten pasibitate eta isiltasun konplizea salatzen zituen Eduardo Subiratsek, kaiola akademiko edo estetizisten gatibu egotea egozten zien, hainbesteraino non faszismo berrien atarian kokatzen baikintuen…

Denboraren higadurak, baina, bizikletaren antzera lapurtu zidan ilusio eraldatzaile ñimiño hura eta, zentzu horretan, berriro ere nahas-mahas sentitzen dut neure burua. Aurreko zutabean, Miren Agurri Polonia eta Wroclaw-eko paisaia berriek pizten zioten oroimena ageri zen —eta irudimena—, eta nik ere oso gogoan ditut hiri horretara eta, lehenago Poznanera, Manu Lopez Gasenirekin eta Amaia Donesekin egindako bidaiak, eta ezin ahantzi tren geltokietan etengabe eta une batetik bestera egiten zituzten nasa aldaketak, eta jende andanak egitera behartutako atzera-aurrerak: horra, beharbada, sortzaile moduan bizi dudan nahasmendu eta hasperen horren simila (bidez batez, Miren Agur, kanpoan oro har ez al dugu sumatzen euskaldunokiko interes handiagoa guk besteekiko erakusten duguna baino, hala nola poloniarrekiko edo katalanekiko?).

Alabaina, denbora zer den… Koloniara egindako lehen bidaia inuzent hartan, orduko berdeei galdegiten nien ea bi Alemanien bateratzeari bideragarri irizten zioten, baina denek ere ezezkoarekin erantzuten zidaten. «Gaur egun politikari bakar batek ere ez du halakorik aipatzen», erantzuten zidaten. Eta hara non, handik sei hilabetera edo, Berlingo harresia eraitsia izan zen! O tempora, o mores! Apika horregatik gaineratzen du Botho Straussek paradoxikoa dela, baina hain zuzen ere azelerazioaren eta hutsaltasunaren unerik goren hauxe dugula idazlearen ordua: «Ezer ez horren eredugarri eta baliagarri nola bere denboraz beste egiteko talentua duenarena, gaurkotasun totala hausteko gai denarena». Vicente Verdu ere antzera mintzo zen: beharbada kreatibitatea, preseski, nahasmendu eta gabezia uneotan sor liteke, jakituriak non eta gainbeheran topa dezake inspirazioa, edota, Hegelek zioen bezala: «Minervaren hegaztiak ilunabarrean ekiten dio hegan egiteari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.