ANALISIA

Irabaziez

2020ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Ekitaldi berezi honen ostean Patrick Alfaya Donostiako Musika Hamabostaldiaren zuzendariari egindako elkarrizketak irakurriz, badirudi badagoela nahikoa arrazoi aurreikusteko aurtengoa ez dela izango osasun-egoerak baldintzatutako edizio bakarra. Haatik, galdu duguna deitoratu baino gehiago —asko dela pentsa baliteke ere—, ez genuke alde batera utzi behar irabazi dugun guztia gogoan hartzeko zabaltzen zaigun aukera.

Lehenik eta behin, akustika ederra eta xarma berezia duen kontzertu gela irabazi dugu. Donostiako San Telmo museoak hiru zikloren emanaldiak hartu ditu abuztuko asteetan: Antzinako Musika, Musika Garaikidea eta Ganbera Musika zikloak, hain zuzen ere. Elizan dagoen erreberberazioak tarteka entzulea aztoratu badezake ere, klaustroak goraipatzeko bilkurak ahalbidetu ditu. Ludwig van Beethovenek monopolizatutako urtean, gozatzekoa izan zen La Ritirata taldeak Antonio Caldararen biolontxelo obrei egindako omenaldia, baita Santa Maria Kaperak XVII. mendeko ahots-musikan barrena egindako maitasun bidaia. Bestalde, musika garaikideari zein ganbera musikari eskainitako kontzertuek programa berritzaileak, interesgarriak eta erakargarriak taularatu dituzte. Espazioaz gain, beharbada etorkizunean formatu txikiko kontzertuen zale kopurua areagotzeko abagunea ere irabazi dugu, denetan bete baitziren aulkiak.

Publikoak Organo Zikloari dion estimua bere maila bezain handia izan ohi da, eta aurtengoa ez da salbuespena izan. Gipuzkoako elizek gordetzen duten ondarea martxan jarrita, gainera, ez dugu urrutira joan beharrik ezagutza sakon eta gustu oneko organistak topatzeko. Musika Aitzaki zikloak, bere aldetik, ibilbide oparoa egin du Gipuzkoa eta Arabako herri txikietan, nahiz eta edukiera murrizketek publikoaren erantzunean eragina izan duten. Kursaalean eskaini ohi ziren kontzertu jendetsuak alde batera utziz, osaketa neurritsua zuten tokiko orkestrak nagusitu dira taulan, klasizismo hutsa eta erromantizismoaren printzak zituzten errepertorioak gailenduz.

Baina, batez ere, etxeko artisten lanaz berriro ere ohartzeko eta hura atseginez hartzeko aukera paregabea irabazi dugu. Euskadiko Orkestrak eskainitako hiru kontzertuetatik hasita, agertoki askotarikoak bete dituzten musikariek zein abeslariek ez dute Hamabostaldia salbatu. Aitzitik, jaialdia osatu egin dute bere horretan: nazioarteko egoerak ahalbidetzen duenean, esportatzeko moduko proposamenak ekarri dituzte gure ingurura. Horretan ez gara soilik irabazle: pribilegiatu ere bagara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.