Patxi Zubizarreta.
HIRUDIA

Irakurketa on

2015eko abenduaren 31
00:00
Entzun
Joan den asteko artikuluan, kalitatea gorabehera, Ramon Saizarbitoriaren azken nobelen luzerak eragiten dioten zalantza agertu zuen Txema Arinas zutabekideak, Martutene eleberriaren 748 orrialdeak demaseko mardultasuna zitzaizkiolako eta «irakurlearen arretari eta batik bat interesari eusteko berebiziko abilezia» behar delako. Eta, zalantzarekin batera, beldurra orain, Lili eta biok azken lanaren 575 orrialdeko aldapa gorari ekiteko. Zer pentsa ematen duten aitorpen horiek Anatole Franceren esana ekarri zidaten gogora: «Bizitza laburra da eta Proust, aukeran, luzeegia».

Joan Fusterrek, letrazauritu askoren antzera, gaixotasunarekin lotu zuen literatura eta adierazi zuen Stendhalen Le Rouge et le NoirGorria eta Beltza— nobela irakurtzeko marranta edo gripe bat egokia izan daitekeen bezala, hain zuzen ere Prousten À la recherche du temps perduDenbora galduaren bila, Joxe Austin Arrieta itzultzaile— nobelan barneratzeko tuberkulosi luze eta ezti bat komenigarria dela. Joycek berak, bere Finnegans Wake obrarekin, honako irakurlea izan zuen gogoan: «ideal reader suffering from an ideal insomnia».

Halako adierazpenekin, egia esatera, beti gogoratzen naiz, gerra garaian, herri menderatu bateko liburutegira sartu, eta liburuetan ikusmiran eta zalantzan dabilen soldadua irakurtzalea: ez jakin liburukote bat edo liburutto bat hartu, zama edo arintasuna hautatu, baina akaberan liburu orrialdetsu bat hautatu zuen, agian Duvoisinek liluragarriro itzulitako Bible Saindua-ren hiru liburukietan bigarrena, bertan Kantiketako kantika atal miresgarria datorrelako. Eta soldadua bere zalantzarekin kanpora irten da, zama motxilan, baina zartako batek jaurti du lurrera atea itxi bezain laster; lurrean luze, hilik uste, oraindik bihotza punpeka sumatu du, onik sentitu da eta handik lehenbailehen herrestan eta isil-gordeka urrundurik, motxila eranztean jabetu da bala batek liburu puska alderik alde zulatua ziola, eta horrexek salbatu diola bizitza, orduan jabetu da liburu ttikia hartu izanak ekarriko zion ondorio hilgarriaz.

Berripaper honek gaur jasotako albisteetako protagonista asko ez bezala, letrazaurituok ere gutxi-asko salburik iritsi gara bizitzaren aurtengo kontu liburuko 365. orrialdeko ataka honetara. Urtea eta orduak zahartzen ikusi ditugu eta, apika, atzera iragan minez begiratzeko gutizia izan dezakegu. Hain luzea zirudiena, hain azkar igaro zaigu, gero! Baina kontzeptu eta bizipen subjektiboa dugu inondik ere luzerarena, eta aitor dut ni Lertxundiren Zu sakontasunean luzeak harrapatua nauela eta, aldi berean, badudala adiskide mami bat Lili eta biok nobelak egun estrainiotako orduak laburragotzen eta intentsoagotzen dizkiona, eta inondik ere bioi ala bioi, luze edo llabur, literaturak konpainia eskaintzen digula (motzean, gutxi Kressmann Taylor-en Address UnkonownEzezaguna helbide honetan / Paradero desconocido— obra zoragarri eta zirraragarria bezalakorik).

Beharbada Pessoa Rilkerengan inspiratuko zen bere 72 heteronimoen segida luzea sortzeko orduan, zeren idazle txekiarrari, jaiotzearekin batera, bat edo biri gutxi iritzirik, sei ponte izen ezarri baitzizkioten: Rene Karl Wilhem Johann Josef Maria. Gerora, berak ere laburtasunaren alde egingo zuen eta Rainer Maria Rilke erabiliko zuen. Edonola ere, urte berriko orrialdeak idazgai eta zuri agertzen zaizkigun honetan, pentsa dezakegu oroitzapenak kapelu xahar baten antzekoak direla, eta irudimena oinetako berriak, 2016 bisurteko 366 egunak hobeki ibil ditzagun —neurriak gorabehera, norberak bere arnasarako, bere gaixotasunetarako liburuekin ahal dela—. Eta gogoan izan dezakegu, azkenik, poeta txekiarraren esana:

«Nun wollen wir das neue Jahr begrüßen, voll von Dingen, die nie gewesen»; hau da: «Eta orain eman diezaiogun ongi etorria Urte Berriari, gertatu ez diren gauzez gainezka dator-eta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.