IRITZIA. Opari bat sarean

Anjel Lertxundi.
2004ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Euskal literaturaren historia egin dugunetan, liburuak soilik hartu ditugu aintzat. Liburu-itxura zuen oro aztertu dugu,liburua izan da, letra-ontziari dagokionez, interesatu zaigun neurri bakarra. Inguruko literatura garatuen irizpidea segitu dugu horretan ere. Gurean, ordea, hemeretzigarren mendetik ia gaur arte, aldizkariek berebiziko garrantzia izan dute euskal literaturaren garapenean. Bai Lore-Jokoen garietan, bai Berpizkundean, bai gerra osteko erbestean nahiz etxean, gure literaturak aldizkarietan hartu du arnasaÉ Ez ditugu, ordea, aintzat hartu. Ez dakigu zein eragin izan duten literaturan. Ez ditugu ezagutzen aldizkarien akuiluak literaturaren garapenean ziztatu dituen joerak, eztabaidak eta izaerak aldizkakotasunak dakarren egitura labur eta zatikakoa, esate baterako. Baina egia bada literatura bakoitzak bere txertapen sozialaren araberako formak sortu ohi dituela,zergatik izan diogu hain begirune gutxiazken bi mendeotako gure literaturak aldizkarietan bilatu duen bozgorailuari?

Susa argitaletxea, hutsune horren kontra egin nahirik, aspaldi hasi zen Literatur Aldizkarien Gordailua deitzen dutena sarean jartzen.Atzo iragarri zutenez, Egan aldizkariak izan du oraingoan txanda. Koldo Mitxelenaren heriotzara arteko zenbakiak jarri dituzte Interneten, katalogatuta eta aurkibideetan, eta faksimileak inprimatzeko moduan. Poesia, narrazioa, saioa, kritika literarioaÉ Denetarik aurkituko du hor irakurleak, baina nik alde bakar bat nabarmenduko banu, Eganekoek nazioarteko literatura geurera ekartzeko erakusten zuten begirunea azpimarratuko nuke nik. Susak zenbatu duenez, 48 itzultzailek (Orixe, Labaien, Aresti, Etxaide, Mirande, VillasanteÉ) 108 egileren lanak euskaratu zituzten (Dante, Poe, Baudelaire, Musset, García Lorca, Ungaretti, Rilke, EspriuÉ). Gaur itzulpengintzari ematen diogun garrantzia ez da gaurkoa: hori ere ikus dezakegu, interes handiko beste kontu askoren artean,Susak sarean jarri digun opari eskergaitzean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.