begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Jane hil da, Belladonaren tristura

2023ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Ez da atzoko berria, baina tristeziaren suak hartuak gara gutako ziento bat. Jane Birkin igandean zendu zen. Badakit zeluloidean iraungo duela urteetan, mendeetan, milurtekoetan zehar bizirik, sutan, desioetan eta desiragarri. Badakit milioi, bilioi, trilioi bat argazkitan jarraituko duela gurekin, ezkutaketan.

Gordeketan, bai. Behin eta berriro aitortu baitzuen ez zela eroso sentitzen itsu baten begirada zeritzon zinema kameraren begi ilun horren aurrean. Aitortu zien bai Agnesi, bai Charlotteri. Aldiz, argazkietarako paratzea gustuko zuen. Eta nolakoa ote zen bere harreman intimoa ispiluarekin? Adinean aurrera egin ahala ez zuela bere burua ezagutzen aipatu zuen maiz alabaren kameraren aurrean. Minik gabe, dolurik gabe onartu ere. Begiekin ez omen zuen azken momentuetan bere burua errekonozitzen. Eskuekin, ordea, bai. Aurpegia hatzekin ukitzen zuen, eta bazekien bera zela. Gainsbourgek maitatu zuen Londresko neska hura, Parisera joan zena eta Frantzian ostatu, aterpe, balkoi hartu zuena, hain gazi-gozoa zen azentu hura galdu gabe. Frantsesez mintzatzen zen ingelesezko doinuaz, eta ingelesez, frantsesarenaz. Horrexegatik, igual, igandetik durundi gazi-gozoa sumatzen dugu belarrietan.

Igandean hil zen, eta tristurak erre egiten gaitu oraino. Erre egingo gaitu luzaz. Bai, badakit bere (eta Sergerenak, jakina) diskoak hor daudela. Hamazazpi inguru kaleratu zituen, baina nik 1987ko Jane Birkin au Bataclan, 2002ko Arabesque eta hain izenburu esanguratsua duen 2020ko Oh! Pardon, tu dormais... hori aukeratuko nituzke betidanik hautsia ematen zuen bere ahotsa entzun ahal izateko mila eta bat gauetan zehar. Bartzelonan abestu zituen, azken-aurreko aldiz (iazko uztailean), Arnoren Putain, putain kantaren hitzak:

«They all have two holes in their nose/ Bye-bye Brexit, bye-bye Brexit/ We're still gonna eat fish & chips (...)// Putain, putain/ C'est vachement bien/ Nous sommes quand même/ Tous des Européen».

Bai. Pelikuletan da betiereko, eternitate osorako. 1965ean agertu zen estreinakoz pantailan. Richard Lesterren The Knack... and How to Get It bihurrikeria galant hartan, hain zuzen ere. Egiari zor, bere izena ez zen ezta bukaerako tituluetan ere ageri, baina serio zelatatuz gero, motor baten gainean antzemango duzue bere irudia.

Bigarren agerpen berea askoz ere nabarmenagoa suertatu zen, luzaz iraungo zuen 20 segundoko eskandalua eraginez. Michelangelo Antonioniren Blow-up maisulanean 20 segundoz ikusten dugu Jane gaztea biluzik... Ondorioz, eta badaezpada ere, Pariserako bidea hartu zuen presaka, eta bertan, Gitanes zigarreta ezpainetan zuen Gainsbourg hura ezagutu.

Min ematen digute egunotan oroitzapenek. Apurka-apurka joandako mendeari forma eta esanahia eman zioten ikono guztiak ari dira ezabatzen, hauts, hauts maitatu bihurtzen.

Jane gutako askorentzat libertatearen ikurra izan zen, desobedientzia askoren ispilu, atrebimendu ororen isla. LGTBIQ+ eta abarreko letrak hain egunerokoak bilakatu aurretik, itxura androgino eder eta paregabea tentalari erakusten zuten izakiak definitzen saiatzerakoan, bi izen, bi irudi zetozkigun beti burura, begietara: Bowie eta Birkin, Jane eta David.

Tristeziak kolpatu gintuen igandean. Desesperoan, oraindik bizirik ikusi, sentitu, sumatu nahi genuelako, gure etxe barruko pantaila txikietara jo, eta desiraturiko bi film aurkitu genituen. Alde batetik, aspaldikoa den Jane B. par Agnès V. (1988). Bestetik, 2021eko Cannesen estreinatu zen Jane by Charlotte. Biak dira markaz fuerakoak. Biak dira ausartak. Biak mintzatzen dira zinemaz, bizitzaz, herioaz, maitatuen desagerpenaz, adinaz, edertasunaz. Biek kameraren amodio sekretuez egiten dute berba.

Ez batak ez besteak ez ziguten eskaini bilatzen genuen barealdirik. Batean, film zaharrean, emakume bezala, amorante bezala, aktore bezala, abeslari bezala, ohitura otzan ororen kontrako matxino bezala gailurrean zen Jane bat (dudaz eta kezkaz gainezka) uzten du azalean, biluzik kasik, arimaz, gorputzez, Sans toit ni loi nahiz Visages villages aparteko filmen autorea den Agnes Vardak. Bestean, sarri bere doppelgänger, bere biki gazteagoa ematen duen Charlotte Gainsbourg alabak Janeri laguntzen dio, maite-maite bereari, nolabaiteko azken nahia zehazten. Bien artean momentu askotan sortzen den intimitatea hain da liluragarria, ezen ikusleak begirada urruntzen baitu, voyeur hutsa dela pentsatuz, inork topaketa horretara gonbidatu ez duen begiluze bat...

Minez ginen, gaude. Min hori uxatu nahian, hurrengo Donostiako Beldurrezko Astearen ikurretako bat izango den Belladonna of Sadness animaziozko film japoniarra, ikaragarri erotiko eta bortitza den hori, piztu genuen pantailan. Baina darion sentsualitateak bai Jane bai Charlotte gogorarazi zizkigun, eta negarrez hasi ginen. Berriro ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.