begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Judas berriak barrabaskeriatan

2021eko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Almodovarrek zin egin du sekula ez duela lan egingo plataforma baterako, plataforma batean. Gutako askori ezdigu gehiegi axola, ardura, inporta. Batetik, ederki dakigu gizalegea delaemandako hitza jatea. Bestetik, gutako makina bati bada luze Almodovar interesatzen ez zaigula; ez pantaila handian ez formatu txikian.

Pedrok esan zuen, justu, telesailak egin beharrean, gura duen edozein neurritan burutuko dituela bere hurrengo zine puskak. Primeran deritzogu. Tamainak beti baitu axola. Primeran deritzogu zinejale andana bati zeluloidezko haikuak, film laburrak, film ertainak, 35 eta 70 milimetrotan filmatutako erraldoi urri horiek eta asmakizun digitalak maite ditugulako. Sakon.

Adibide gisa, miretsi egiten dugu gure zentzumen oro muga ezezagunetaraino eta at eramaten duen Gaspar Noeren Lux Aeterna (51 minutu). Etsenplurako... haluzinatu/flipatu egiten dugu Aitor Mendilibarren eta Ibon Goikoren estreinako harrikada taxuzkoarekin, 11 minutu dirauen Irten barrura horrekin.

Konparaziorako, 450 minututan zehar zabaltzen eta estutzen den Bela Tarren Satantango-ren oroitzapena hilobira eramango ditugun (eta gaituzten) horietako bat da.

Hilkutxan kabitzen bazaigu, edo azken bidaia gurean ekipaje gainkarga onartzen baldin badigute goiko eta beheko jaun eta andreek, gustura hartuko dugu gure errautsen artean Filipinetako Lav Diazen486 minutuko A Lullaby To The Sorrowful Memory haren hamaika fotograma. Ez, tamainak ezdu zinema definitzen. Baina dirua, fama eta baliabideak sobera edukita, malamentean, goitandiz, oilarkeriaz erabiltzen dituen Almodovar gaur egungoa ez zaigu interesatzen gutako askori. Ezta Cocteauren La Voix Humaine-ri bota zion 30 minutuko begirada hanpatu hura ere.

Pedrok ez du plataformetarako telesailik egingo. Bale. Ondo. Ados. Ildo beretik dabil, jakin badakigu, aspaldian jakin ere, uztailean eta egileen, izarren, ekoizleen eta kritikarion aurrez aurrekoa izan nahi duen Cannesko jaialdia, uko eginez plataforma horiek sortutakoari, erreparatu barik Fincherrek, Scorsesek edo Cuaronek sinatzen duten.

Bale. Ados. Konforme. Gutako askori, bost. Traidoretzat jotzen dute garbizaleek plataforma horien zerbitzuan dabilen autore andana. Memoria motzekoak izan ohi dira, beti, edozeren esentzia sakratutzat hartzen duten horiek. Motzak memoriaz eta ezgauzak etorkizuna iragartzen.

Ahaztu dute —edo inoiz ez dute sikiera jakin— Sidney Lumet, Paul Greengrass, Stephen Frears eta Ken Loach bera telebistan hasi zirela. Ahaztu ere, jakin ere ez, seguru, Michael Grondiren, Sofia Coppolaren eta Flora Sigismondiren hasierako lanak ez zirela zeluloide puskak izan, bideoklip musikalen nondik norakoa itxuraldatu zuten hainbat pieza baizik.

Plataformak eta telesailak irudi-mordoilo dituzten horiek ez dute onartzen bertan dagoela geroa. Geroa eta euskarri berria. Euskarri berria eta formatu biharkoa.

Begirada gurea ere ez da eta ez da izango orain artekoa. Telebista —edo bestelako ikus-entzunezko gailu— aurrean gure izateko manera ere itxuraldatu da. Eta sakonago itxuraldatuko aurrerantzean. Ezberdin jokatuko dugu irudiak, narrazioak dastatzeko dugun denborarekin, gorputz posturarekin inkluso.

Beraz, ondorioz eta nahi eta nahi ez, istorio bat kontatzeko eta filmatzeko erak aldatu dira dagoeneko. Aldatu behar, derrigor. Ez zuten hori kontuan izan ez Spielbergek ez Allenek. Horrexegatik egin zuten porrot Stevenek ekoiztutako Band of Brothers hark eta Woodyk gogorik gabe sortutako Crime in 6 Scenes-ek.

Almodovarrek ez du sekula—hain motza izaten da askotan sekula hori!— telesail bat egingo. Ados. Ez zaigu inporta. Gutako askok eta askok gogoko ditugu Historiak traidoretzat jo izan dituen horiek; gustuko odol-nahasiak —odol-naziak baino gehiago—. Gustuko, esaterako, Alex de la Iglesiak, Jorge Gerricaechevarriak, Pablo Rossok, Domingo Gonzalezek eta beste hamaikak HBOrentzat sortutako zortzi ataleko 30 monedas hori. Egia da pixkatxo bat amatatzen dela lehenbiziko momentuetan egindako promesa, apurka-apurka, baina ez du inporta. Hasiera du mundiala: Judasek salatzen du Kristo, hartzen ditu bueltan 30 txanpon horiek eta bere burua urkatu... Baina guk, Judas nahiago askotan. Egia esan, ezinbesteko zitzaion Jainkoari gizateria salbatzeko bere ahaleginetan...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.