Ainhoa Larrabe Arnaiz.
ANALISIA

'Kisses to Spain'

2018ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Barakaldoko BEC erakustazokan igandean egindako MTV telebista katearen EMA European Music Awards sarien gala 150 herrialdetako 500 milioi etxetan ikusi zuten. «Denak pozik ikusita ni ere pozik nago». Ekitaldiak Bizkaia nazioartean kokatu duela eta, pozarren azaldu da Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia jaialdiari buruz egindako lehen balorazioan. Pozik azaldu dira bertaratutako artistak ere. Denak pozik. Camila Cabello 21 urteko abeslaria izan omen zen irabazle nagusia. Pozik Cabello ere. «I Love Spain so much, la comida, la música, la gente, el flamenco, el jamón de beyota. Me encanta!». 500 milioi etxetan ikusi zuten ekitaldia —kopurua da garrantzitsua, eta ez edukia—. BECetik mundura zuzenean. Cabellok saria jasotzean, publikoari: «Como dirían los españoles, ¡estoy flipando!». Juan Mari Aburto Bilboko alkatea ere pozik. «Bilborentzat sustapen izugarria izan da. Esan izan dut inoiz ez genukeela izango halako marketin kanpaina bat ordaintzeko nahikoa dirurik». Irabazlearen txioa: «Te quiero Bilbao [Espainiako banderaren ikurra]». Euskara eta ikurrina mundu osoaren aurrean agertu zirela eta, horrekin ere pozik Rementeria: «Euskararekin eta gure izaerarekin ahalegin bat egiteko eskatu genien, eta eskatutakoa bete zuten». Larunbateko San Mameseko kontzertuez ari da Rementeria: ikurrinak atera zituzten Crystal Fightersekoek, eta euskaraz abestu zuen Berri Txarrak-ek.

Goazen harira: euskaraz eta euskaratik kontatu nahi zuen BERRIAk larunbateko jaialdia, eta halakoetan egin ohi den gisan jarri zen makina martxan; kontzertura sartu ahal izateko ziurtagiri bila. Lehen galdera: nori deitu? Nor da ekitaldiaren antolatzailea?—galdera egiteak berak agerian uzten du garden-gardena ez dela jaialdiaren antolaketa bera—. Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailera lehenik. Telefonoaren beste aldean: «Guk jaialdi horri buruz ez dakigu ezer». Pozik ez, sorpresaz kazetaria —nola liteke diru publikotik 3 milioi euro eman dituen erakundeak berak jaialdiaren antolaketa eta kudeaketa horri buruzko informaziorik ez izatea?—. «Baina eman digute telefono bat...». MTV katea parte den Viacom enpresaren zenbakia. Hartu telefonoa berriz. «Mezu elektroniko bat bidali X helbidera; guk ez dakigu beste ezer».

Mezu elektronikoa bidalita ere, erantzuna ez zen berehalakoa izan. Deitu hara eta hona berriz: Viacom, MTV España, San Mames estadioko prentsa bulegoa... Aitortza bat: kazetariek askotan —edo ia egunero— izaten dute astunak izatearen sentipena. Oro har, ez dituzte ziurgabetasunak maite —egunkariko orria arazorik gabe beteko dela ziurtatzeak ematen duen lasaitasunagatik, besteak beste—. Erantzunik ez. Bezperan lortu zen jaialdiaren sarrera ziurtatzea. Ez, ordea, baldintzarik gabe: jaialdiaren antolatzaileek ez zuten argazkilaria sartzeko baimenik eman: «Guk emango dizkizuegu» —kaka, ziurgabetasuna berriz—. Pozik ez, arduraz kazetaria.

«Euskararekin eta gure izaerarekin» ahalegina egin zezan eskatu zion aldundiak MTVri, eta, eskatutakoa bete duenez, horrekin ere konforme dagoela azaldu du berriki ahaldun nagusiak. BERRIA ez da 500 milioi etxetara sartzen —tartean, gizarte txikiagoa duelako gure herriak—, baina gure hizkuntza eta prismatik, gure irakurlegoari —500 milioi baino gutxiago dira, baina ez horregatik garrantzi gutxiagokoak— Euskal Herrian gertatzen dena kontatzeko saiakeran, oztopoak besterik ez du egunkariak izan jaialdian; diru publikoz lagundutako ekitaldia den heinean, ez dago pozik egoteko motibo gehiegirik hor.

Garraiolari lana da kazetariena: egon litezkeen berriak edo ekitaldiak jaso eta euskal komunitatera helarazteko jardunean aritzen dira egunero. Taxilariak pertsonekin nola, hala aritzen dira kazetariak kalean dagoen informazioarekin. Eta, hain zuzen, oraingoz, hedabideen aurrean pozik azaldu ez diren bakarretakoak izan dira Bizkaiko taxilariak. Askoren artean, Bizkaiko erakundeen aldetik sektoreak izan duen tratu «kaskarra» jarri dute jomugan. Lurraldea lurraldetik kanpo proiektatzeko nahi horrekin, etxekoen zaintzaz ahaztu da Bizkaia, nonbait. Baina «mundu guztia» pozik dago, eta «gure izaerarekin ahalegina» egin du antolakuntzak. Birtxioak. «Kisses to Spain».

Oharra: larunbateko kontzertuen kronikarako argazkia Berri Txarrak-i esker eskuratu zuen BERRIAk, MTVko antolatzaileek bidalitako argazkien artean ez zelako talde nafarraren irudirik egon. Ikusgarritasunaren seinale.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.