Ismael Manterola
BEGIZ

Komunikazioa

2014ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Argigarria iruditu zitzaidan Juan Luis Morazari Iñigo Astizek egindako elkarrizketa. Ibilbide artistikoari ematen den Gure Artea saria irabazi du aurten eta horrek esan nahi du euskal artisten belaunaldi esanguratsu bat bere heldutasunera iristen ari dela.

Bi gauza azpimarratuko nituzke elkarrizketaren edukietatik: artelanen izaera plurala forma eta esanahiari begiratzen badiogu eta Guggenheim Museoaren gaineko ikuspegi baikorra.

Asko gustatu zait nola azaltzen duen Morazak artelanen konplexutasuna eta anbiguotasuna, baita artistak artelanarekin eta ikuslearekin duen harremana ere.

Hainbeste aldiz entzuten denean artistak esateko beharra duela, espresatzeko beharra sentitzen duela eta antzeko esaldi psikoterapeutikoak, eskertzekoa da Morazak era garbi batean esatea artelanarekin besterik ez duela harremana eta gero ikusleak, era berean, artelanarekin izan behar duela harremana. Artearen komunikazio teoriak garrantzi handia izan zuen garai batean, eta, neurri batean, artearen funtzio komunikatiboa betetzen dela pentsatzen dut. Hala ere, ez du hizkuntzaren edo beste komunikazio bideen modu berean funtzionatzen. Gehienetan, artistaren helburua ez da komunikatzea, Morazak dioen modura (bestela telefonoz deituko ziola esaten du elkarrizketaren une batean). Egile-objektu-hartzailea, katea gertatzen bada ere, moztutako katea dela esan beharko genuke. Agian artelanaren inguruan biltzen den komunikazioa dela esan beharko genuke. Artistak artelana sortu, eraiki, egin, forma ematen dio, plaza publikoan jartzen du eta ikus-entzulea artelan horretara hurbiltzen da, hor dagoena interpretatzeko. Beraz, lana eskatzen zaio hartzaileari. Ez da erraza ulertzen aurrean duena, eta sarritan, horixe da jendearen kexua artearen aurrean. Baina Morazak dioen modura, konplexutasunak aberastasuna ematen dio zeinuz, formaz, esanahiz, esperientziez, betetako objektu-ideiei.

Baina, denok dakigu alferkeriaren garaian bizi garela, errazkeriaren garaian, hobeto esanda. Artelanen aurrean gaudenean komunikazio automatikoa bilatzen dugu, «zer esan nahi du horrek» galderari erantzuna, alegia. Interpretazioak artelanen aurrean eman ditzakegun erantzun ezberdinak dira, bakoitzak bere ikuspuntutik eta esperientziatik abiatuta eman ditzakeen erantzunak. Ez dago mezu bakarra. Eskerrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.