Haizea Barcenilla
BEGIZ

Konfiantzazko seme iriolea

2016ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Ofiziala da: Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museora dator atzera. Ez du ikuspegi ederra topatuko: erosketa eta erakusketa politika misoginoak baliatu dituen zentro bat izango du zain, erreferente izateari utzi diona eta probintziako bigarren mailako zentro bihurtu dena. Instituzioek urteetan denbora-pasa politt bat legez tratatu dute museoa, folklorearen eta zuzendari apetatsu baten esku lagata. Kulturari balio propagandistiko eta dekoratiboa emanik, bere potentzial politikoa, historia eta irudi komuna eraikitzeko aukera monopolizatu eta bideratu dute.

Aldaketak poztuko ninduke, beraz, aldaketa balitz. Baina zapore mingotsez dator berria: aurreko ostiraleko El Correo-ko elkarrizketan baselinarik gabe esaten da Aburtoren dei pribatu baten bidez egin dela Zugazaren fitxajea. Nahierara eman zaio postua Zugazari, erabaki politiko batetik abiatuta, inolako lehiaketa publiko edo deialdi irekirik gabe. Beste inori proiektu berria eta eraldatzailea aurkezteko aukera kenduta, berriz ere museoa instituzioek ordaindutako zerbitzu publiko gisa ulertu beharrean, bilduma pribatutzat hartuz. Esku sartze politiko deitzen zaio horri, eta, komunikabide gehienek geure zortea azpimarratzeari azkar ekin dioten arren, Zugazaren curriculum bikainak ez du halako praktika araugabe eta bidegabea justifikatzen. Gardentasuna, kalitatea, aukera berdintasuna, praktika onak... non geratu dira hitz potolo horiek guztiek?

32 urte zituen Zugazak Arte Ederren zuzendaritza hartu zuenean. Proiektu berritzaile eta bizia jarri zuen martxan, eta horrela lortu zuen Pradoren atentzioa bereganatzea. Baina, oraingoan, horrelako proposamen desberdinei aukera itxi zaie, seguru eta kontrolatuaren alde egiteko. Kultur politikak, azken urteotan, feudo txikien eta elefanteen hilobi populisten artean mugitzen dira, guztion kalterako. Asko pozten ninduen Arte Ederretako aldaketaren ideiak, baina, Zugazari errespetu osoz, gauzak ondo eta beste modu batean egiteko aukera galdua besterik ez dut ikusten izendapen honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.