Artea. Begiz

Kontraesanak

Ismael Manterola
2013ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Bizkaiko Kultura diputatuak kontraesanei buruz hitz egin zuen aurreko astean Martin Ugalde Foroan. Josune Ariztondoren arabera, ez dago azpiegitura eta pertsonen artean aukeratu beharrik, azpiegiturak pertsonentzako egiten direlako.

Ados egon gaitezke kultura diputatuarekin, beti ere, Bertsozale Elkarteak edo Durangoko Azokak eta Guggenheim museoak Eusko Jaurlaritzako kultura aurrekontuetatik zenbat kendu duten kontuan hartzen badugu. Ez dut uste azpiegitura guztiak berdinak direnik, ez balio dutenagatik, ezta zer beharrei erantzuten dioten begiratzen badiogu ere. AHT Eusko Treneko trenbidea berritzearekin konparatzea izango litzateke.

Baina, hitzaldiaren mamia Guggenheim Urdaibai proiektuan zegoela iruditzen zait. Niri behintzat jakin-mina piztu zidan inork eskatzen ez duen (artearen mundutik, behintzat) proiektua nola justifikatu behar zuen jakiteak. Aurrera jarraitu baino lehen, Urdaibain arte proiektua egitearen kontra ez nagoela argitu behar dut, beti ere, zein proiektu eta zenbat balio duen garbi badago.

Hala ere, proiektu zehatzari buruz hitz egiterakoan Ariztondok kritikatzen zituen kontraesan batzuk irakurri nituen hitzaldiaren berri ematen zuen artikuluan. Bat, Guggenheim museoaren zabaltzeari buruz hitz egiten zuen eta ez proiektu berri bati buruz. Proiektua dago edo museoaren zabaltzea besterik ez da?

Bi, balizko zabaltze horretarako tokiak aukeratzen ibili omen dira, eta itxuraz, Gerhyren eraikina ukitzea baztertu ondoren, Zorrozaurren industri eraikuntzak ikusi omen zituzten. Baina, eraikin horren eragozpena «barruan zutabe asko» edukitzea omen zen. Horrek gauzaezina bihurtzen omen du proiektua, «bai espazioan, bai kontzeptuan». Diskurtsoaren une horretan iristen da interesgarriena, proiektua zehazteko ordua, alegia; orduan jakin baikenuen arte prozesuak lantzea dela balizko Guggenheim berri horren ardatza «ikasleekin, Euskadiko artistekin».

Gailurra jotzen duen diskurtsoaren momentuan galduta nagoela konturatzen naiz, arte prozesuak lantzeko ez delako behar eraikinen baldintza oso zorrotzik, ez behintzat erakusteko eskatzen diren areto, argiztapen, tenperatura, jende asko elkartzerako orduan behar diren segurtasun neurriak, eta abar. Hau da, kolomaz betetako edozein fabrikak ondo beteko lukeela arte prozesua lantzeko aukera. Hain zuzen artisten tailer asko gaur egun horrelako eraikinetan daudela esango nuke. Beraz, zergatik kontraesanei buruz hitz egin?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.