Ismael Manterola
Artea. Begiz

Konturatu gabe

2012ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Isilik joan zaigu Xabier Alvarez de Eulate frantziskotarra. Arantzazuko beira leihoen egilea izateagatik zen ezaguna gure artean. Aspaldi joan ziren Elizaren menpe zegoen arteen garaiak, eta, horregatik, erlijioa eta artea lotzeko ahaleginak ulertzea zaila egiten zaigu.

Ohiko bideetatik gizarteratzen diren artea egiteko moduak ez ditugu askorik baloratzen eta ulertzen. Fraide frantziskotar batek bizitzan egindako arte ibilbideari garrantzi gutxi ematen diogu. Artista izateko beste moduei ez diegu arreta handirik jartzen. Gizarteari iruditzen zaio komunikabideetan edo museo eta arte zentro handietan erakusten duten artistek kontuan izateko zerbait egiten dutela, baina ez daki artea egiteari buruz gauza handirik.

Artea egin al daiteke, gaur egun, ohiko bideetatik kanpo? Fedearen bizitza eta artea uztartuko lukeen artea egitea posible al da? Garai batean, artea Elizaren menpe zegoen garaietan, artearen funtzio erlijiosoa gizartean zeharo txertatuta zegoela dirudi. Artea, eta kultura oro har, sekularizatu zenean pauso ederra eman genuela uste dut, baina, aldi berean, zerbait galdu genuela ere sumatzen dut: bizitzan integratuta egotearen abantaila, hain zuzen.

Boterearen adierazpenerako erabilitako artea Elizaren monopolioa izateari laga ondoren, estatuak hartu zuen, antzeko zerbait egiteko. Askotan esan ohi da arteak erlijioa ordezkatu zuela gizarte modernoetan: gizakiaren bizipen espiritualak esperientzia estetikoen ordez aldatu genituela. Ikuskizunak antolatzeko ahalmena ere Elizatik artera pasatu zen. Horregatik, zaila egin zaigu artearen eta esperientzia estetikoaren arteko bereizketa egitea. Oraindik gaur egun, artean bilatzen duguna edertasunaren bizipen indibidual kontenplatibo hutsa da, eta ulertzeko zailak egiten zaizkigu parte hartzera edo artelana osatzera gonbidatzen gaituzten arte proposamenak; zer esanik ez edertasunarekin harremana ez dutenak.

Baina gaur egun baliteke arte proposamen interesgarrienak museoetatik edo arte zentroetatik kanpo egotea; kalean edo egunkarietan, Internet sarean edo telebistan, tabernetan edo festetan. Guk ia sumatu gabe pasatuko dira, isilik eta askorik estimatu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.