DURANGOKO 45. EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA. IRITZIA

Krisiari hortzak erakutsi dizkiote argitaletxeek

2010eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Ez da batere urte txarra izan aurtengoa. Argitalpen kopuru zehatza jakin gabe ere, BERRIAko HGLko talaia honetatik ikusi dugu argitaletxeak irmo egon direla mundua astintzen duen ekonomia krisiaren aurrean: urteroko erritmoan argitaratzen jarraitu dute. Guztiz eskertzekoa.

Aurreneko aipamena, HGLko Euskadi Saria jaso berri duen liburuari zor diogu, Xia tenzinen bidaia miresgarria liburu zoragarriari. Ibaizabal argitaletxearen standean topatuko duzue. Eta bertatik pasatzean ere gogoratu txikienentzat materiala argitaratzen duen argitaletxe bakanetakoa dela Ibaizabal eta, beraz, begi kolpetxo bat eman Kroko, Kattalin eta betikoei, baita atera berri duten Kepa eta Tento bildumei ere.

Igela argitaletxearen standean Zangozikin harribitxia topatuko duzue. Koldo Izagirrek eta Antton Olariagak literatura lan ausarta utzi digute, bai ukitzen duen gaiarengatik bai kontatzeko erabili duten teknikarengatik. Kasu!, ez da haurrentzako lana, gazte literatura bada gutxienez.

Ikas argitaletxeak emaitza bikainak utzi dizkigu aurten ere: Axuri bihurria, Harri eltzekaria eta Ami-ami. Hirurak gai berdintsuak lantzen, bakoitza bere eran: beldurra, identitatea eta adiskidetasuna. Ia ezer ez!.

Ttarttaloren standean formatu bereziko album asko topatuko dituzue; bi aipatuko dugu hemen, berezienak: Ikusi-makusi baserrian. Bilduma handiago baten ale bakana, ea gehiago itzultzera animatzen diren. Antxume tentela! Ahate txepela! pedagogoen eskuetatik pasatako istorioak dira, gatazkak, partekatzea, onena izatea... lantzen dituzten lau ipuintxoekin.

Txalapartak HGLren alde egin du apustua, kalitate handiko obrak argitaratzen OQO galiziarrekin. Kaleratu dituzten obren artean zentzumenen plazer amaigabea sor dezaketen hauek daude: Basoak badu sekretu bat, Aharrausi printzesa, Kokoriko eta Zenbakien guda. Laurek istorio bikainak jasotzen dituzte, baina onena ilustrazioen kalitatea dute. Ez galdu lehen bietan Elena Odriozolaren arteaz gozatzeko parada.

Alberdaniak, askoren artean, best seller hau dauka: Greg, gizajo baten egunkaria. Gaztetxoek literaturarekin gozatzeko aukera.

Aizkorri argitaletxearen standean zale taldea biltzen ari den Eider Eibar ilustratzailearen aurtengo emaitzen artean Parisepetit topatuko duzue. Bere faktoriaren erakusgarri ona da. Berekin obra hau sinatzen duen idazlea Imanol Azkue da. Zortzi bat urtetik aurrerakoentzat.

Bide batez, Aizkorriko standean zaudetelarik begiratu bat emaiozue Jonasen ipuinak liburukoteari, Juan Kruz Igerabideren pertsonaiaren sei istorioak bertan bildurik baitaude eta aukera ona izan daiteke 5 urteko haurren vademecum hau eskuratzeko.

Eskaintza handiena duen Elkarreko postutik pasatzean zaila izango zaizue ezer erosi gabe joatea. Ez ahaztu Ormazabalen Ehun ipuin hitz gutxitan, Aristiren Nemesioren trikitixa eta Añorgaren Pottoko hipermerkatuan aztertzea. Bide batez ...eta zer! bilduma arakatu, Nik erremerre hitz egiten dut, eta zer? antologikoa ea baduten begiratzeko... eta erosteko.

Ereinen postutik pasatzean ez ahaztu Ebelina mandarina bitxia, Castillo Suarezek eta Leire Urbeltzek egin duten ekarpen ezohiko bezain interesgarria da-eta.

Haizearen tunela itzulingurukatu Giltza argitaletxearen standean, Latinoamerikako errealitate sozial eta politikoa Igerabideren begitik iragazia.

Beldurrezko ipuin antologikoen bilduma nahi baduzue oraintsu plazaratu du Descléek bat: Munstroaren hamaika aurpegi. Hamar istorio Wilde, Lovecraft edota Quiroga bezalako maisuek sinatuta. Pagotxa.

Eta gogoratu oraintxe hasi garela gurasoak gure HGLko mugarri literarioak topatzen, oraintxe guraso arteko elkarrizketetan Lertxundi, Igerabide, Landa, Sagastizabal... eta enparauen lana aipatzen. Zirkulua itxi eta belaunaldien arteko transmisioa errealitate izateko, gurasook gure txikitako liburu kutuna seme-alabei irrikaz erosi eta irakurtzen hastea falta da. Honegatik haurtzaroan begiratu, oroimenean bilatu seme-alabei oparitzeko liburua, gure ilusioz jantzita, munduko oparirik onena izango da-eta, Durangoko oparirik onena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.