Wikileakseko filtrazioak arte mundura ere ailegatu dira. Badirudi diplomatikoek artea eta ondarea sarritan erabiltzen dutela estatuen arteko harremanak leuntzeko. Horren adibidea da Ameriketako Estatu Batuetako enbaxadetako paperen artean Odyssey izeneko auziaren inguruko konponketa ahalegina.
2007. urtean, Odyssey izeneko altxorrak bilatzeko enpresak urrezko eta zilarrezko txanponez betetako ondoratutako itsasontzi bat topatu zuen Atlantiko Ozeanoan Portugalgo kostatik hurre. Itxuraz, ingelesek 1804an hondoratutako itsasontzi espainiarra zen, eta horregatik Espainiako Gobernuak altxorraren jabetza aldarrikatu zuen. Ordurako, Odyssey enpresak altxorra Floridan zeukan, eta horregatik Espainiako Gobernuak AEBetako epaitegietara jo behar izan zuen, jabegoaren gaineko eztabaida argitzeko.
Azken hilean Wikileaksek sarean jarri dituen paperei esker jakin dugu AEBetako enbaxadak arazoa konpontzeko proposamena egin ziola Espainiako Gobernuari. Horren arabera estatubatuar diplomaziak ondare eta auzi trukaketa proposatu zien espainiarrei, azken horien kontrako auzia zabalduta baitzeukan estatubatuar hiritar batek Madrilgo Thyssen-Bornemisza museoan gordeta dagoen koadro baten inguruan.
Thyssen baroiak 1992an Saint Honoré kalea eguerdiaren ondoren. Euri efektua Pissarro inpresionistaren koadroa erosi zuen New Yorken. Baina koadroak historia luzea zuen, eta naziek 1930ean Lily Cassirer izeneko judutar bati saltzeko agindua eman ondoren enkantean jarri zuten 1943an. Gaur egun, AEBetan bizi den emakumearen ondorengoek auzitara jo dute koadroa berreskuratzeko esperantzarekin.
Beraz, bi auzi horien konponbidea eskaini zion enbaxadak Espainiako Gobernuari: koadroa altxorraren truke. Artearen erabilera diplomatikoa ez da berria, ezta herrialdeen arteko ondarearen gaineko gatazkak ere, baina harrigarri samarra da konponbide politikoek epaileen erabakien gainetik pasatzeko duten erraztasuna. Aspalditik argi zegoen Ameriketako Estatu Batuek nazioarteko zuzenbideari zioten errespetu falta, batez ere giza eskubideei dagokionez; orain garbi dago ondare kontuetan ere kromo trukaketa gehien erabiltzen den metodo diplomatikoa dela.
Begiz. Ismael Manterola Ispizua
Kromo trukaketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu