Artea. Begiz

Laborategia

Ismael Manterola
2011ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Lau artista gaztek ekimen interesgarri bati eutsi diote. Artearen ohiko hedapen-bideei uko egin eta ekoitzitakoa bere kasa erakustea erabaki dute. Ekoizpen toki bera zabaldu dute bertan egindako lanak jendeari erakusteko eta beste ekimenen testuinguru izateko.

Lorea Alfaro, David Martinez, Jon Otamendi eta Manu Urangak (MLDJ) egitasmo ezberdin hori aurrera eramateko dirua eskatu zioten Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari: lantokia ordaintzeko, erakusketa eta beste ekimen paralelo batzuk antolatzeko. Ez da ohikoa artistek horrelako lana hartzea eta gogoz eustea artearen katean dauden urrats ezberdinei; baina gaur egun sistemak hartu duen bidea ikusita horrelako ekimenak gero eta ohikoagoak izango direla dirudi.

Alde batetik, gure inguruko museoek ez diote arreta berezirik eskaintzen gazteek sortutakoari, salbuespenak salbuespen. Bestalde, krisi ekonomikoko garaietan, galeriak nekez arriskatzen dira gazteen lanak erakustera, saltzeko errazagoak diren artisten lanek ematen duten babesa alde batera lagata —salbuespenak salbuespen hor ere—. Azkenik, kulturara iritsi diren diru eskasiak laguntzak eta zentro esperimentalagoen jarraipenak zalantzan jarriko dituztela dirudi.

Horregatik, Bilboko Fontetxa Salazar kalean zabaldu den erakusketak aukera edo bide ezberdinak erakusten ditu. Ekimen hau asko hurbiltzen zaio artearen merkatuaren alternatiba izan daitekeen laborategiaren ideiari. Artea gizartearentzat ezinbestekoa da, eta artistak askatasuna izan behar du lan egiteko; horregatik, behar-beharrezkoa da artisten autogestioa bultzatzea eta diruz laguntzea, ekoizpenerako —beti fisikoa izan behar ez duena— espazioak ordaintzeko, hedapena behar bezala egiteko eta eztabaida guneak sortzeko.

Laborategi guztietan gertatzen den bezala, ikerketak emaitza interesgarria izan dezake edo ez, baina bidean dago garrantzia. Guztiok dakigu zientziaren oinarrizko zerbait dela froga eta errakuntzaren lan egiteko modua. Artean, berriz, emaitzak eskatzen dira: ohiko erakusketak eta produktu artistikoak, bestela dirua gaizki gastatu izanaren kontzientzia zabaltzen da.

Ziur nago MLDJk bultzatutako ekimen honek, erakusketa eta produktu artistikoaz gainera, emaitza ikusiezinak eta ukiezinak izango dituela. Diru errentagarritasunak eta artearenak ez dute beti berdinak izan behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.