Liburu aurrerapena

Lanbroa

Merkataritza gune batean, begiradarik gurutzatu ez arren, elkar ikusi duten eta duela hogei urteko bizipenak gogora etorri zaizkien gizon bat eta emakume bat jarri ditu aurrez aurre Pello Lizarraldek 'Lanbroa' (Erein) bere nobela berrian.

Pello Lizarralderen 'Lanbroa' (Erein) nobelaren azala. JOSE IGNACIO AGORRETA
Pello Lizarralderen 'Lanbroa' (Erein) nobelaren azala. JOSE IGNACIO AGORRETA
Pello Lizarralde
2024ko apirilaren 13a
05:10
Entzun

Ez dut berehala ezagutu. Segundo batzuk behar izan ditut. Emakumeak gona esekitokitik bereizi eta, hobeto ikusteko, esku batez jaso duenean, ez dut zalantzarik izan. Orduan buru-astindu bat egin eta atzera jo dut zutabearen atzean ezkutatu arte.

Bizkarrak zutabea ukitzen zuela jarri naiz. Bihotza pixka bat azkartu zait, eta horrek harritu egin nau. Urteak dira ez nuela antzekorik sentitzen. Denbora gutxi behar izan dut konturatzeko ezin nintzela han geratu, nengoen tokitik ezin nuela jakin zein izango zen emakumearen hurrengo mugimendua, eta oso litekeena zela harekin topo egitea.

Aurrera begira jarri naiz. Hamarren bat metrora nituen emaztea eta alaba. Galtza pare bat zuten esku artean, eta emaztea azalpenen bat ematen ari zitzaion alabari galtzen oihala ukitzen zuen bitartean. Iruditu zait emakumeari bizkarra emanez haiengana biltzeak eskaintzen zidala ihesbide bakarra. Zuzenean jo dut haiengana. Zakar eten dut beren jarduna, eta erreakzionatzeko astirik eman gabe esan diet jantzi-denda atarian egongo naizela zain.

Saltoki guneko galeria zentralera irten naiz zuzenean. Itsugarria egin zait kristalezko sabai erraldoitik irazten zen argia. Galeriaren hondoan bi jende ilara begiztatu ditut eskailera mekanikoetan, batekoak gora, bestekoak behera; galeriaren erdian, kiosko xume baten parean, dozenaren bat mahai zeuden, erdiak hutsik eta plastikozko basoz eta erretiluz beteta.

Erne ibili behar nuen. Emakumea noiznahi irten zitekeen. Galeriaren eskuin aldean ikusi dut babes hartzeko aukera bakarra. Lurretik metro erdira, marmol zuriz mugarriztatutako laukizuzen baten barruan, lorategi izan nahi zuen zerbait zegoen. Plastikozko zuhaitz batek hartzen zuen erdialdea eta lau kaktus zituen inguruan. Egiazkoetan lurrak hartzen duen tokian ehunka harribil distiratsu.

Laukizuzenaren alderik urrunenean eseri naiz. Ez nintzen hain nabarmen gertatzen, eta jantzi-dendaren bi irteerak kontrola nitzakeen. Segituan beste zerbaitek aztoratu nau. Ez nintzen konturatua, eskailerez gain, kristalezko igogailua zegoela nigandik metro gutxira, eta han zebiltzanen begiradapean nengoela. Are gehiago baztertzea erabaki dut orduan.

Begien aurrean hain segundo gutxiz izan dudan aurpegiaren hazpegiak osatzen ahalegindu naiz. Alferrik, ordea. Aurpegi horri beste hura jartzen zaio gainean.

Urteak joan dira, eta ez gutxi. Ez da zaila zenbat diren ateratzea. Erotuta beharko nuke hanka egin behar izan nuen eguna ahaztua izateko. Egunotan hogeita bi urte beteko dira. Bi erbestean, hamabi barruan eta zortzi kanpoan.

Harrigarri samarra zait hainbeste urteren ondoren aurpegi hori ezagutu izana. Azken batean, ordu gutxiko kontua izan zen. Egon ziren egoera latzagoak eta gehiago iraun zutenak, eta orduko haietan lagun asko eta asko gurutzatu zen nire bidean; haiek, ordea, urteen joanak-edo ezartzen duen ilunpea dela eta, erabat itzali dira, arrastorik utzi gabe. Bizi izan dugun horretan badago zera bat argien eta itzalen gorabeherak mendean dauzkana.

Hamarren bat minutura atarian ziren emaztea eta alaba. Erdizka babesten ninduen kaktusaren atzetik atera eta zutitu egin naiz. Haiek ez dute niregana inguratzeko keinurik egin, eta emaztearen aurpegia ikusita banekien ez zela mugituko. Haiengana gerturatu orduko emazteak ezpainak zimurtu eta burua alde batera eta bestera mugitu du. Zakarra eta pazientzia txikikoa naizela aurpegiratu dit hitz egiten hasi orduko. Sesioan aritu garela esatea gehiegitxo esatea litzateke. Emaztearen erretolika eteten saiatu naiz ahalegin handirik egin gabe, eta ez dut uste esaldirik osatzea lortu dudanik. Alabak pauso bat egin du atzera eta bi eskuetako hatzak bihurritzen hasi da guri begira zegoen bitartean. Emazteak eztabaidari eman dion errematea ez da gozoa izan: behin etorriko egun-pasa hirira, eta horrela bukatzea ereā€¦

Beste ezer gaineratu gabe urrutiratu dira galerian zehar, eskutik helduta. Ni atzean, dozena erdi bat metrora. Denok genekien lurrazpiko garajean elkartuko ginela.

Barregarria zait pentsatzea zein erraza izango litzatekeen baketzea. Bost minutuko kontua. Segituan ulertuko luke emazteak nire jokaera. Alde-aldean izan dut beti, ez dit sekula huts egin, ez zuen zalantzan jarri garai batean hartu nuen bidea eta erabaki horrek zekarrena. Bat etorri gara gehienetan, sinesteetan nola dezepzioetan. Emazteak beti jakin izan du aurrera egiten. Delikatua eta sendoa da aldi berean, eta hitz gutxi behar izaten ditu ni iraganetik aterarazteko.

Egin nezake, baina ez dut egingo. Ez diot aipatuko zer ikusi dudan eta zergatik hanka egin dudan hain era zakarrean. Nahikoa da, ez du zertan luzaroago eraman. Autoan sartu eta etxera itzuliko gara. Ez da atsegina izango, baina ez du asko iraungo. Neronek irentsiko dut. Kalean nagoenetik antzeko bi edo hiru egoera bizi izan ditut, eta badakit zer datorren. Egun pare bat emango dut tarteka ikusi berri dudan aurpegia datorkidala. Aurpegi hura eta, harekin batera, egun haiek.

Mesede ere egin liezadake egun hartako xehetasunak gogoratzeak. Egin izan dut behin edo bestetan, eta iruditzen zait gertaera batzuk argi gutxiago dagoen zokoetara baztertzen direla. Bake pixka bat lortu izan dut hala. Ez da egonkorra, ordea. Dena ez dago gure esku. Iraganak erabakitzen du noiz azaleratu bere mamuak.

'LANBROA'

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.