IRITZIA

Larramendi bizirik

Juan Kruz Igerabide
2016ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Berrehun eta berrogeitahamar urte igarota, ura bere bidean.

Beterrin behintzat bizirik dirau Larramendik, beraren omenezko Bazkuna eta guzti daukagu eta. Kontu asko eta askotarikoak jorratu zizkigun andoaindarrak, eta baita txukun asko izkiriatuta utzi ere. Nik gauza bat sumatzen dut faltan halere: Mariana de Neoburgo erregina erbesteratuaren aitortza-entzule edo konfesore izan eta gero, behingoagatik aitortza-zina pittin bat hautsi, eta argitaratu besterik ez zituen haren bekatu eta hobenak. Hain sutsu jardun zen haren alde Espainiako agintarien aurrean! Bazekien besteek ez zekiten zerbait. Informazio hori Historia ikertzeko dokumentu ezin interesgarriagoa zatekeen.

Zientziari halako ekarpen bat ukatu izana barkaezina da, baina, tira, auzo-herrikoari hainbeste zuritu beharko diogu, jakintzari egindako ekarpenaren izenean. Izan ere, haren iritzi filologiko asko areagoturik eman ditzakegu gaur egun: Euskara Espainiako hizkuntzarik zaharrena zela? Europakoa ere hortxe-hortxe, esan dezakegu orain. Gaztelaniazko hitz askoren jatorria euskaran zegoela? Nahiz eta eman zituen adibideak xelebre samarrak izan eta Iruña-Veleian egin berri omen duten iruzurraren antzeko inskripzio baten bidez ziria sartu, gaur egun filologoen artean aski onartua da, hitzak baino areago, gaztelania bera euskararen eraginez sortua dela hein handi batean. Euskarak akatsik ez zuela? Hori ere hala izan da duela gutxi arte, hots, Euskaltzaindiak arauak argitaratu dituen arte. Modernizatzea eta normalizatzea garesti ordaintzen dira.

Bizirik dirau, bai, Larramendiren ekarriak; bizirik diraute haren kezkek: oso arduratuta zebilen, foruak galtzeko zorian zeudela eta. Ordurako zerbait antzeman zuen hark! Orduan ere pribilegiotzat jotzen zituzten Espainiako beste lurraldeetan.

Bizirik dirau, are, Larramendiren nazio-ikuspegiak; Pirinioen bi aldeetako probintziak batu eta errepublika moderno bat osatu nahi zuen, aristokratikoa edo demokratikoa, aukeran; hori ez zen arazo nonbait. Halaxe hasi omen ziren latindarrak ere lurralde txiki batean. Eta begira gero.

Berrehun eta berrogeita hamar urte igarota, ura bere bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.