Olatz Salvador.
HAMAR URTE LABOA GABE

Lekeitioraino eta buelta

2018ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Txikitatik izan dut ahots marrantatu samarra. Eskolan irratia genuen, eta grabagailu bat etxean; askotan sortzen genituen programak kaseteetan, eta horrek eman zigun gure ahotsa kanpotik entzuteko aukera. Nirea ez nuen oso gustuko, ez zelako ez leuna, ez zorrotza. Ez zen polita, edo hori sinistu nuen hasieran. Ahotsa urratzeko joera nuen, eta ez ginen askotan adiskidetzen.

Gogoratzen dut garai hartan nola imitatzen genuen Mikel Laboa, sudurra bi hatzekin heldu eta estutuz. Ez nuen inoiz entzun horrelako ahotsik, eta, oraindik ere, kosta egiten zait antzekorik topatzea. Eta nola abesten genituen ingelesez ziren abestiak, fonemak imitatuz eta zerbait esaten ari ote ginen ere jakin gabe. Eta nola jolasten zuen berak gurekin, etxera deitzen zuen bakoitzean. Batzuetan, Spidermanek hots egiten zuen, eta harrituta pasatzen genion telefonoa aitari. Halako batean, beste hainbat sekreturekin batera, hura Mikel zela jakin genuen. Baina pertsonaia ezberdinen azalean sartzeko abilezia izan zuen gure inozentziaren mesederako.

Geroago jakin genuen oholtza gainean ere egiten zituela halakoak. Ahotsarekin bidaiatzen omen zuen bere iruditeriako giro, pertsonaia eta kontakizunetara. Eta, hortik aurrera, beste batzuk eraman gaitu atzetik, hipnotizatuta.

Hasi ginen, urte batzuen baitan, edertasuna beste parametro batzuen begiradatik ikusten hasten eta berrikasten. Ariketa zaila zaigu batzuoi, oraindik ere, onespenik behar ez izatea eta estandarrak apurtzen saiatzea, ahal dugunero. Arraroa berezi bilakatu eta haren xarma aintzat hartzea.

Ahotsa baliatuz melodiak sortzea jolas ederra da. Eta batzuek hor jarraitzen dugu, haurrak bezala, saiakera eta hutsegiteen kiribil horretan bueltaka, harrapatzen gaituen zerbait topatu eta altxorrik kutunena balitz bezala gordetzen, gero abesti batean hilezkortu eta hari hegan egiten uzteko. Behin eta berriz. Batzuetan, hitzez gain, soinu eta hotsak egitera ere ausartzen gara, fonemak asmatu eta nora eramango gaituzten jakiteko irrikan. Laboak erreferente zuen Violeta Parra abeslari txiletarrak sorkuntzaren linealtasunik eza aldarrikatu zuen. Nahi bezala idatzi, erritmo eta instrumentu ezberdinakprobatu eta metrika hausteko deia egin zuen, sorkuntza zuzentasuna jarraituko ez zuen eta noraezean zebilen txoria bailitzan.

Mikeli antzeman diodan altxorretako bat hori dela esango nuke. Esperimentatzeko grina eta ausardia, probatzeko ilusioa eta konformismoan ez erortzeko gaitasuna. Argienetik ilunenera abiatzeko boterea, eta alderantziz. Isiltasun sakonak eta disonantzia deserosoak elkartu izana, era harmoniatsu batean. Hitzik zentzudunenak eta eldarniorik eroenak.

Galeano ez zebilen oker perfekzioa jainkoen pribilegio aspergarria izango zela susmatzean. Beste guztiok, erratzen garenok, teknika guztiak kontrolatzen ez ditugunok, inperfekzioa aldarrikatzen jarraituko dugu gizaki izateko ezinbesteko baldintza gisa. Eta horri esker konektatuko gara beste izaki inperfektu eta zoragarriekin.

Diotenez, artea ez da polita izan behar; zerbait sentiarazi behar dizu. Eta ez du zentzurik benetakoa ez bada. Original hitza latinetik omen dator eta hasierari dagokiona bezala itzul daiteke. Jatorria. Haur hori barruan izan eta berarekin jolasteko tartea hartzea, Lekeitioraino eta buelta.

Bihar: Maialen Alfaro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.