Juan Luis Zabala
DENA ETA EZTENA

Mapak

2014ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Daukan meritua, garrantzia eta baliagarritasuna aitorturik ere, dezepzio koxkor bat hartu nuen Okela Sormen Lantegiak egin duen Euskal Herriko artista plastiko eta bisualen mapak 47 artistaren berri baino ez duela ematen jakitean. Orain deialdia zabaldu diete gainerako artistei, dagokien lekua har dezaten. Zorabiatu egiten naiz mapa horrek izango dituen akats saihetsezinetan pentsatzen hasiz gero. Artistatik ezer gutxi duenak —bai, badakit, denok gara artistak, baina...— eman dezake izena, eta gero nork ezabatu hura mapatik? Izena emango ez duten baina derrigor egon beharko luketenen zerrenda egiten hasiz gero, berriz, nola ez zikindu ahanztura zatar eta lotsagarrien lokatzetan?

Joan Mari Torrealdairen 1977ko Euskal idazleak gaur eta 1997ko Euskal kultura gaur etorri zaizkit gogora. Guardia Zibilak 2003an kendu zizkion paperen faltan, Torrealdaik ez omen du egungo garaira egokitutako gisako lanik egiteko asmorik, Xabier Mendiguren Elizegiri irakurri berri diogunez. Ez dakit bestela egingo zukeen, baina bai egiten hasiko balitz aurrekoetan baino askoz ere lan zail eta korapilatsuagoa izango lukeela. Errealitatea duela hogei urte baino askoz konplexuagoa bada, zer esanik ez euskal idazleen konstelazioa.

Musikaren arloan, Badok ataria erreferentzia ezinbestekoa bihurtu da. Baina seguru nago asko direla hor agertu beharko luketela iritzi eta ez agertzeagatik arranguratzen direnak. Zenbat langile beharko lirateke, eta nola lan egin beharko lukete, euskal musikaren egungo errealitatea osorik jaso eta gaurkotzeko?

Dezepzio koxkor bat hartu nuen Okela Sormen Lantegiak egin duen Euskal Herriko artista plastiko eta bisualen mapak 47 artistaren berri baino ez duela ematen jakitean, baina daukan meritua, garrantzia eta baliagarritasuna aitortu behar zaio. Eta egileek nahi duten garapena opa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.