begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Musukodun hartz urrezkoa eta kanta kosmikoa

2022ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Espainiako Zinema Kazetarien Elkarteak propio dituen, propio erabaki eta propio banatzen dituen sariak eman berri ditu. Nahiz eta Feroz (hezigaitz, peroz, betohil, hots) izan izena, ez dute batere arranbes jokatu eta Maixabel, El buen patrón eta Madres paralelas bezalako lan esan-onekoak bete dituzte garaikurrez. Balentria handiagoa espero genezake, arranopola, ze odolgiro izatea komenigarria suertatzen baita askotan. Are gehiago zeluloide kontuetan.

Ez diegu sari horiei, baina, jaramon handirik egingo. Badugu eta gure gosearen gosea non ase. Badugu eta bila balent batean ibiliz gero, zer aurkitu.

Gure etxe ondoko saloietan? Ez pentsa. Sutan jartzeko modukoa da, sarri, zinema aretoetan programatzen duten askoren jarrera, portaera, jokabide kelmen eta beldurtia. Zer pentsatu franko ematen du, esaterako, erdi birtuala izan zen iazko Berlinalen urrezko hartza bereganatu zuen Babardeal? cu buclucsau porno balamuc (Larru-jotze malurusa edo porno eroa, hots ) horrek pantailarik aurkitu ez izanak. Izenburuan makina bat ikuslerentzako horren erakargarriak suerta daitezen larru-jotze eta porno hitzak baditu ere.

Saloi bateko ilunpean, oihal zuririk ez etxean eta kamera ziztrin batez filmaturiko benetako porno eszena batzuekin hasten den proposamen ganberro, lizun eta atrebitu batentzat.

Harri eta zur geratzeko moduko (ez) erabakia. Munduko zinemaldietako jigante batek saritutako pelikulak ez du lekurik aretoetan. Guztion kuttunetarikoa den Errumaniako zinemagintzaren azken-aurreko harribitxia izan arren, pantailarik ez gurean.

Baina ez arduratu, ez kezkatu. Ez antsiatu. Badugu altxor hori non aurkitu, izurik gabeko esploratzaile moduz joz gero. Caricaturana edo Dead Nation lan sailkaezinen autorearen azkena Filmin plataforman izango da eskura eta begietara otsailak 11 egun bete orduko. Ez galdu, otoi. Ezin galduzkoa da eta.

Zergatik? Lehenik eta behin, nik uste, pandemia paisaia, aitzakia, tresna gisa erabiltzen duen estreinako filma delako. Beste guztiek nola edo hala iskin egin diote orain arte izurriteari. Horretarako, hainbat eta hainbatek gure gaurko munduak ez direnetan eta egungoak ez diren garaietan kokatu dituzte pertsonaiak eta kontakizunak.

Raduk ez. Raduk pandemia bihurtu du esandakoa: paisaia eta testuinguru. Hasierako une eta gune luzeetan zehar, istorioak ez du aurrera egiten eta ikusleak ez du asmatzen filmaren nondik norakoa eta noranzkoa. Ikusten duguna, antzematen duguna, gureganatzen duguna, pandemiak azaleratu (eta azeleratu) duen gure barne garraztasuna da. Gauzetan. Dendetan, Tranbian. Kalean.

Gure buruarekiko mingostasuna da filmaren pertsonaia. Hurkoaren aurrean eta kontra erabiltzen duguna ere bilakatzen da protagonista.

Musukoa janzten duen lehenbiziko filma dugu. Baina maskara jantzita ere, bideo porno horren izarra den irakasleari bere ikastetxe duinaren lorategian antolatzen dioten epaiketan, herrialde baten, belaunaldi baten, gizarte baten, gezurtero saldo baten mamu ezkutuko guztiak ateratzen dira, airos, plazara, dantzara.

Izugarria da filma. Eroa, bihurria, lizuna. Politikoki ausarta. Filosofikoki galanta...

Gustatuko litzaizuekeela pantaila handi batean ikustea? Aukera bakarra duzue Euskal Herrian, datorren asteartean, Donostian. Kresala zineklubak luzatzen dizue gonbita.

Aprobetxatu ezazue eta ez gaitezen ezkor- ezkor jarri. Ez du ezertarako balio eta. Are okerrago, gerta liteke, arrangura darigula, begi bistatik galtzea ostiral honetako sorpresarik, mirarik handiena. Pirata moduan ibilian ibili, bere ekoizleek pantaila bat lortu dute igualik bat ere ez duen Canto cósmico dokumentalarentzat. Bertan, erretratuan, artista, probokatzaile, filosofo, errebelde, hiztun, kantari, biluzik, pentsakor eta matxino El Niño de Elche, flamenkoaren muina irauli, azpikoz gora jarri duena.

Zeluloidezko perfomance ikaragarria dugu Leire Apellanizek eta Marc Sempere Moyak buruturiko atrebentzia-balentria hau, non Xabier Erkiziak hartu duen soinuaren erantzukizun garratz-gozoa.

Ez egin negarrik, izango duzue beta Babardeal? cu buclucsau porno balamuc ikusteko. Eta, ziur naiz, iritsiko zarete egunen batean areto batera eta konturatuko jendea dagoela, musukoa jantzita, kanta kosmiko batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.