Jon Urzelai
Bi ahotsetara

'New Normal I' (aukera berriak)

2024ko urtarrilaren 28a
05:10
Entzun

Koka gaitezen: Bartzelona, Primavera Sound jaialdia, 2018ko maiatza. Hurrengo edizioan erabili zuten New Normal leloa, baina kontzeptua urte hartan mamitu zen, festibalari hasiera emateko antolatu zuten solasaldi batean. Protagonistak, urte batzuk lehenago garai berriei hasiera emateaz arduratu zirenetako batzuk: C. Tangana, Yung Beef eta Bad Gyal. Youtuben duzue mahai-ingurua ikusgai, 1.400.000 ikustalditik gora ditu bideoak, 3.500 iruzkin baino gehiago.

Sortu zen eztabaida izan zen esanguratsuena. Bertaratutakoek bazekiten zer garrantzi zuten hiru musikari haiek: pop berriaren izarrak ziren, eta jakina zen zer potentzial zuten. Mundua gazteleraz egindako musikei so zebilen, eta reggaetonak, trapak, dembowak, dancehallak edo bachatak ziruditen arrakasta globalaren osagai ezinbestekoak. Horiek eta trapa, urbanoa, esan nahi gisara. Horixe testuingurua.

Tangana eta Gyal horren jakitun agertu ziren, eta egoera zukutu eta probestu beharraz jardun. Tanganak bazekien bera etiketa bat zela, marka bat, produktu bat, sinadura bat, eta orduko protagonista izateko asmo argia adierazi zuen; inork irabaziko badu, izan nadin neu. Yung Beef granadarrak balizko underground engaiatuago bat —La Vendición izeneko diskoetxea du artista gazteak argitaratzeko— aldarrikatzen zuen, bere erara: norbere nagusia izateaz aritu zen, era aski entrepreneur-ean. Egoera probestu baina identitatea galdu gabe, edo.

Hamarkada erdia baino gehiago pasatu da dagoeneko, eta hautu bakoitzak eman ditu bere fruituak. Bad Gyal ikusi dugu Espainiako Erregearen eskutik Nazioarteko Talentu Gaztea saria jasotzen bere «espiritu transgresorea» dela eta, C. Tanganak itzelezko arrakasta izan du, eta film propioa ere estreinatu du orain gutxi: Anbizio neurrigabe hau; Yung Beefek zaleen artean dirua banatu zuen iaz: 10.000 euro jaurti zituen airera Madrilgo erdigunean, billete txikietan, Ganster Paradise (sic) bere lan berriaren promozionatzeko.

Personal Branding, International Pop Star, Gangster: egin aukera.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.