Ibon Aranberri.
LAUHAZKA

Nonahiko kritika

2017ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Artista bere lanaz arduratzen zen bitartean, pentsalariari zegokion artearen teoria garatzea. Proposamen artistikoak, izan erakusketa edo bestelako ekoizpen, kritika zuen komenientziazko osagarritzat, berezko ekimenez sortua batzuetan, zerbitzu gisa kontratatua besteetan. Horrela, kritikak emango zion sorkuntzari balio erantsia, edo kontrara, zapuztuko zuen egindako lana. Tentsio naturalean elikatuko zen alde biko interes eta ospea.

Erlazio otzan eta orekatu hori hautsia da, baina, aro berrian. Teoria kritikoak eboluzionatu egin du behinolako mandatu aspergarri eta gotor hartatik, objektu subertsibo eta gordin, zorrotz bezain apartsu izateraino. Era berean, egilea ez dago bere inspirazio txokoan, eta ez luke lehen bezala artelanaren esanahia elkarrizketaren bidez delegatzeko obligaziorik, eskura du teoria kritikoaren brikolajea, tailerreko material bailitzan erabili eta hedatzeko. Behin horraino iritsita, aritzeko modu beraren bi aurpegi izan daitezke praktika eta kritika, egokieraren arabera moldatutako autoretza-artifizioaren bidezko makulu aldakor. Irudia eta testua elkarren ondoan doaz.

Hogeigarren mendeaz geroztik, esanahi xehe eta zabalagoa hartuz joan da teoria kritikoa. Diziplina arteko diskurtso para-filosofikoa nagusitu zaio. Egun, estilo eta joerak asetzen du gehienbat kritika, bereizi egin da aldez aurretik ezarritako objektuarekiko, metodo zientifiko edota katebegi dialektikoarekiko. Performantze intelektualerako forma gisa berrantolatu da, artistikoki, erretorika politikoz xaloki jantzia. Esperientzia-praktikaren beste aldeko ertzean behatu izan dugun teoria zaharretik baino askoz gehiago du imajinazio orokorretik, aske da akademia-arlo eta museo esparruen zurruntasunetik.

Bitxia da gero, izan ere, merkatuen dominazio eta bizimoduen ustiatze prozesuekiko salaketa sena zuen bere funtsean arte eta teoria kritikoak; gaur egungo arte sistemak muineraino sartuta dituen prozesuak, hain zuzen ere. Arte sistema da eta, besteren artean, merkatu espekulazioen gorabehera globalen neurgailu orratz. Finantza ekonomia berriaren abstrakzioa paralelo joan izan da teoria kritikoaren errepresentazio lainotsuekin. 1980ko hamarkadaz geroztik pilatutako aberastasunean indar hartuz joan zen populismo kultural eta estetiko harroak, obsesibotzat jo izan zuen hasieran teoria, honen barne-eskakizunekiko deseroso, eta dogma lehor bezala arbuiatzen zuen, progresoaren kalterako zelakoan. Horrelakotan gertatu ohi den bezala, berehala gain hartu zion botereak, eta sistema beraren aparatu bilakatu zen teoria, hein handi batean.

Gaur egungo ikasketa kulturaletatik mesfidantzaz begiratzen diogu atzera halako boladari. Ezagutzaren galbide gisa jotzen dugu garai posmodernoaren erlazio ustela, edota inozentzia historikotzat. Kontsentsu kapitalistarako gailu bilakatzean, galdu egin izan balu bezala testuinguru lokal, nazio borroka, haustura sozial eta gurutzaketa fenomeno desberdinen ñabardura matazak nozitzeko ahalmena. Garai bakoitzak aurrekoari erantzuten dio, eta azken batean, jarrera historiko, sozial eta politikoetan lukeen berezko jatorria ez du ezabatzerik kritikak; horregatik, geografia kulturalaren paradigma aldakor, identitate-politika, eta gatazken kontzeptualizazioz da ezinbestean berrikusia eta aurkeztua, berriro ere.

Behin hogeigarren mendeko totalitateak desmuntatuta —halanola kapitala, boterea, gizartea edota subjektibitate burgesa— ez dugu jada gai nagusirik, anitzak dira abiapuntu eta proposamen berriak. Higatua da kritika sozial eta testu-analisiaren munta tradizionala, balekoak dira erreferentzia eta iturri nagusiez haragoko fetitxeak, aipu, izen propio eta pieza apurren anabasa. Denbora-espazio zabalean, edonon eta edonoiz ditu hartzaile eta erabiltzaileak, ohiko destino akademikoetan bezainbat bestelako bidegurutzeetan; unibertsitateen pare espazio alternatibo eta aktibismo politikoan, komunitate txiki eratzaileetan edota artista giroan.

Nahasgarri eta susmopeko bilakatu da teoria, guztiok gara epaile eta subjektu, hegemonia estrategia zaharrak erreproduzitzeko esklusiba zuten egileak oharkabean alboratuz. Gauzak horrela, inor ez da benetako teoria kritikoaren jabe. Erreferentzia eta bidegilerik gabe ere itxurazkoa da saiakera. Hutsik dagoenik ez dago esaterik. Nonahiko panorama zuri honen atzean aurki daiteke ordea mesederik. Tresna kritikoen maneiua nahieran izanik, trebatze akademikoaren eta diskurtso ekoizpenaren demokratizazioak ekar lezake kontzeptu apalagoen aukera librea. Uneko arrazoi historikoek jarrera larriagoa eskatuko lukete, ordea, hurbilketa esanguratsu eta ez-erretorikoak lehenestea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.