Ismael Manterola
BEGIZ

Oma berritua

2023ko urriaren 31
00:00
Entzun
Aurreiritziz beteta iritsi nintzen orain dela urte asko Omako basora. Ikusteko gogoa banuen ere, Eusko Jaurlaritzako Ven y cuƩntalo turismo kanpainako ikurra izateak ez zidan konfiantza handirik ematen. Basoko lehenbiziko pinturak ikustearekin batera baztertu nituen beldur guztiak. Asko gustatu zitzaidan basoan zehar egin nuen txangoa, artistak proposatutako irudien jokoekin eta nik neuk eraikitakoekin. Artea beste modu batera ikusteko tokia zen, ez museoa, ez eliza, ezta artea ohikoagoa den beste esparru bat ere. Naturan, zuhaitzez eta mendiz inguratuta egoteak esperientzia berezia bihurtu zuen Ibarrolaren lanaren hautematea. Gainera, SantimamiƱe kobazuloa hain hur egoteak euskal mitoz inguratzen zituen modernitate betean sailkatutako pinturak.

Beti pentsatu nuen Omako basoa Agustin Ibarrola artistaren salbuespeneko lana zela, baina ikusi ondoren ulertu nuen bere betiko ibilbidearen barruan era logikoan txertatzeko proiektua zela. Berehala etorri zitzaizkidan Equipo 57 taldeko garaian egindako pintura lanak eta gerora landutako hainbat gai edo interes lerroak. Horrez gainera, Oman agerikoak ziren Euskal Eskolen Mugimenduak izandako kezkak euskal abangoardia historiaurrean eraikitzeko, baita Emen Bizkaiko taldeak artea jendearengana hurbiltzeko edo erakusketa espaziotik ateratzeko izan zituen egitasmoak, batez ere Ibarrolaren eta Mari Dapenaren grabatugintzaren bitartez.

Gaur egun, Omako jatorrizko basoa desagertu egin da. Pinuak heldutasunera iritsi ziren eta hil egin dira; gaitzak jota zeuden beste asko, hiltzear; edo biak batera. Horregatik, artistak pintatukoak naturaren zikloaren batera joan zaizkigu. Ibarrolak naturaren legeari lotu zizkion artelanak; heriotzak ematen duen nahigabea ulertzeko modukoa izanda ere, onartu behar dugu artea efimeroa izan daitekeela. Ezer ez da betiko.

Hala ere, lekua zaintzeko ardura zuten erakundeek basoa desagertu ondorengo erabakia hartu dute: beste toki batera eramatea. Pinturek beste pinudi batera ihes egin dute, migrazioa deitu diote era tekniko batean. Nire kide batek zioen bezala, liburu baten berrargitalpenaren itxura handiagoa dauka, ez baita zeharo berdina, ezta izan beharrik ere. Omako baso berria ostiralean zabaldu zitzaion jendeari. Nik gomendio bat besterik ez dut: joan ikustera nik garai batean izan nituen aurreiritzirik gabe. Ederra da mendi buelta bat egitea naturaz eta arteaz gozatuz, eta, horretarako, Ibarrolaren proposamena berezia eta egokia da. Lan izugarria egin da Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera jatorrizko basoak izan zuen izaera berreskuratzeko, errespetuz eta zorroztasun zientifikoz. Seguru nago ikusleak ez duela gehiegi igarriko (eta hala izan behar du), baina gauza asko izan dira kontuan hartzekoak baso berria egiteko orduan. Horrekin batera, arte ikasle askok hartu dute parte berreraikuntza horretan, eta ezagupena transmititzeko eta zabaltzeko ezinbestekoa izan da parte hartze hori. Orain, bukatuta dagoenean, disfrutatzea besterik ez zaigu falta, beti ere errespetuz eta mendia dela ahaztu gabe; ez dezagun parke tematikoa, turistikoa edo zabortegia bihurtu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.