Artea. Begiz

Organigrama

Ismael Manterola
2011ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Izenburu hori eman dio Ibon Aranberrik Bartzelonako Tapies Fundazioan aurkeztu duen erakusketari.

Ez dakit erakusketa den edo arte prozesu baten aurkezpena. Hala ere, guk ikusteko jarri denez, erakusketa deituko diogu. Hain zuzen, urteetan egindako artelanak nola aurkeztu, erakusketaren kezketako bat da, horregatik izenburua. Ibonen asmoa ez da azken urteetan egindako proiektuen aurkezpen hutsa, ibilbide batean egindako hausnarketak nola elkartu eta horrekin artelan berria nola eraiki izango litzateke artistaren asmoetako bat.

Organigrama erakusketa, beraz, geruzaz geruza eraikitako pentsamendu baten aurkezpena dela iruditzen zait. Ez da guztiok espero dugun arte objektua edo proiektu bukatua. Horren aurrean arte jardunaren izaera irekia eta sakabanatua azpimarratu nahi duela dirudi. Zatiz osatutako diskurtsoak modu batera ordenatuta daude, ondoriorik ez izateko, hau da, hartzaileak (ikusle, entzule…) bere diskurtsoa edo diskurtsoak eraikitzeko piezak, zatiak edo tresnak ditu, umeek zurezko edo plastikozko pieza berberekin eraiki ditzaketen forma ezberdinetan gertatzen den antzera.

Hala ere, erakusketa dispositiboak eta esanahiak bat egiten duten organigrama horretan, Aranberriren betiko kezka kontzeptualak suma ditzakegu. Bat memoriarena da; proiektu asko elkartzen duen sare modukoa da memoriaren gaineko hausnarketa: monumentuaren erabilpena, ondare historikoaren interpretazioa, gatazken dokumentazioa, identitatearen oinarritzea eta abar.

Naturaren eta kulturaren arteko tentsioa ere lanak biltzen dituen ardatz horietako bat da. Azpiegitura handien eraikitzeak naturan eta naturaren pertzepzioan edo kulturan eragiten dituzten aldaketak, batez ere urtegien eraikuntzaren gaineko Política hidráulica lanean ederki ikusten duguna. Baina baita mendizaletasunak natura ikusteko eta ulertzeko izan duen eragina ere (batez ere Euskal Herrian esango nuke), edo natura dokumentatzeko orduan zinemak edo orokorrean ikus-entzunezkoek duten indarra (umore edo ironia faltarik ez duena, bestalde).

Bi kasuetan botereari buruz hitz egiten du Ibon Aranberrik, botereak erabiltzen dituen sareak, bideak edo tresnak, bai memoriaren kontrolean, bai natura kontrolatzeko asmotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.