Ana Arsuaga.
BI AHOTSETARA

Ortzadarra Madeiran

2023ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Madeirako Aleste jaialdian jo nuen lehengoan, itsasondoan. Arratsaldeko bostetan zegoen programatua nire kontzertua, baina ekaitza amaitu arte itxaroteko eskatu zidaten. «Nola dakite atertuko duela?» pentsatu nuen; gainera, nire atzetik beste talde batzuek jotzen zuten, eta dena atzeratuko zen martxa horretan, baina ez zirudien hori guztia han arazo bat zenik. Ponchak eta ponchakedaten zituzten, bertako edaritipikoa, limoi-zuku baso bakoitzeko azukre-kanabera-pattar baso bat nahasten dituena, eta zerura begiratzen zuten. Eguzkia atera, euria hasi, argi-izpi bat, tximista bat... horrela egon zen ordu eta erdiz. Itsasotik mendira ortzadarra ateratzen zen behin eta berriz. Mahaiak zeuden jarrita itsasondoko zementuan, itzalkinekin, ez bustitzeko —hori zen backstage-a—, eta gainerako musikariak haien arropa flamanteekin zeuden, ortzadarraren azpian.

Jotzen hasi nintzenean, publikokoak mozkorrak eta drogatuak zeuden, kontzertu guztia garrasika pasatu zuten, baina oso pozik egiten zuten txalo abesti bakoitza bukatzean. Azkenean, amaitu nuen. Hango musikari bati entzun nion esaten: «Ze pena, honaino etorri da, eta publikoak espainiarra dirudi». Grazia handia egin zidan.

Hala ere, ikusle izatera pasatu nintzenean, beste taldeak entzuteko, asko gozatu nuen giroaz. Gau osoan ez zen inor bortitz jarri, adin guztietako, kolore guztietako, klase guztietako jendea zegoen. Lehenengo lerroan, kontzertu guztietan, mutil bizardun bat soineko batekin eta makilatua zegoen, gurpildun-aulki batean emakume bat, desgaitasunak zituzten bi neska, denak bukaerara arte dantzan. Mutilak haien aurpegiak ferekatzen zituen, haien ilearekin jolasten zuen eta dantza sentsual batean elkar besarkatzen zuten. Ondoan, berrogeita hamapiko urteko emakume talde bat zegoen. Batek tupe bat zeukan, soineko gorri bat; denak takoiekin zeuden, eta bachata dantzatzera ateratzen zuten jendea.

Madeira ederra zen, eta han zoriontsuak ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.