LEKUKOTZA

Piarres Xarriton, Quebeceko orroitzapenak

Erramun Baxok
2017ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
1970ean, kasik mende erdi bat, hiru bikote Quebecen gertatu ginen, bakoitza bere bidetik : Erramun Baxok eta Renée Samson, Koldo Harluxet eta Mixu Mendi, Piarres Xarriton eta Aña Durruty. Nolaz juntatu ginen? Maiz historio handia eta destino pertsonala uztartzen dira. 1967an Montrealeko herriko etxe balkoian: Vive le Québec libre ! (Gora Quebec askatua). Askatasunak langile adituak eskatzen ditu. Frantziako egunkarien bidez Quebeceko gobernuak lana eskaintzen zien mediku, erizain eta irakasleei. Ene emaztea erizain eta ni irakasle, berehala joan ginen. Gainera nik apezgoa utzi berria nuen eta Arthabazkara bizitzera joan ginen. Geroxeago etorri ziren Mixu Mendi Montrealeko unibertsitatera ortodontzia ikasle eta Koldo Harluxet informatika irakasle, bi ikasgaiak berri-berriak zirelarik denbora haietan. Orduan sortu ziren Harluxet hiru haurrak eta Baxok hiru haurrak. Eta ene ikasle ohia Mixuren haurtzain izanki, elkarrekin kurutzatu ginen, aisialdi, herriko berri eta beste.

Denbora berean Piarres Xarritonek ere apezgoa utzi zuen eta Harluxeten bidez gure etxera etorri zen, irakasle lana aurkitu eta bere tesi doktorala argitaratu: Le droit des peuples à leur identité (Herrien nortasun eskubidea). Asma erretxa da zein ziren gutarteko elkarrizketak, gainera Piarres etorri zen euskal liburu eta disko andana batekin.

Denbora bortitzak ziren han eta hemen. 1970 Burgosko auzia eta FLQ Front de Libération du Québec frontearen atentatua Pierre Laporte ministroaren aurka. Gure berri emailea Txillardegi genuen eta maiz mezu bera igortzen zigun: «Zatozte etxera, Euskal Herriak badu zuen beharra». Eta 1975ean Franco hil zelarik gonbita ozenago zen: «Zatozte eta itsas ontziak erre itzazue».

Bat bestearen ondotik Euskal Herrira etorri ginen eta hemen ere elkarrekin lan anitz egin. Gure andereetan bat aho artan eta besteak erizaingoan ari ziren. Xarriton, Txillardegi, Harluxet eta ni irakaskuntzan, hiztegigintzan eta hizkuntzalaritzan, UZEIn, UEUn eta gero EHUn. Xarritonek Euskaltzaindian, Txillardegik euskara batua eta beste gai askotan eta Harluxetek hiztegia eta informatika uztartuz beren aztarna sakona utzi digute. Gizonetan ni bakarti gelditzen naiz, baina oroitzapen askorekin, batzuk historikoak, gose grebak, manifestaldiak, borrokak, besteak egunerokoak euskararen eta herriaren alde. Goian beude. Ez adiorik, adiskide.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.