Juan Luis Zabala
Iritzia

Pozaren artista bat

2013ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Poza ematen du Ramon Zubizarreta Landakanda irratian entzuteak, joan den igande eguerdian Euskadi Irratian entzun genuen bezala, Esther Aizpurua kazetariarekin solasean, bere hizketa dotore eta sendoarekin. Eta poza ematen du egun berean Landakanda Aittolan nola omendu zuten ikusteak, Laja lagun handiarekin batera; poza ematen du ikusteak zer irribarrerekin agertzen diren biak oroigarriak eskuetan dituztela egindako argazkietan.

Plazak uztea erabaki du Landakandak, panderoa esku, hanka eta buruz astinduz poza partitzen urteak eman ondoren, Lajarekin azkeneko urteetan, aurretik Pikua, Zendoia, Auntxa, Epelde, Maltzeta eta Eleuterio Tapiarekin bezala; aurretik etxeko okindegiko ogia eta Urrategiko bideko errebuelta handienaren ertzeko granjako arrautzak partitzeari utzi zion bezala. Ez penarik gabe, baina pozik.

Xabier Gantzarainek idatzia da Azkoitian jaio eta hazi arren lehenago joan zela Londresa Martirietara baino, trikitilarien habia nagusietako bat izan den Azkoitiko auzora. Aldaketa handi baten arrastoa erakusten du, oso modu grafikoan, aukera horrek, haustura handi baten itzala. Haustura hark Laja, Landakanda eta inguruan genituen gainerako trikitilariak gutxiestera eraman gintuen asko eta asko. Nola hartuko genuen ba aintzat etxe ondoko trikitilarien poz argi eta prosaiko hura, Joy Divisionen iluntasun poetiko sakona dastatzeko aukera deskubritu eta gero? Nola hartuko genituen aintzat guk, Franz Kafkaren Gosearen artista ipuineko baraugilearen muturreko bakantasun tematia miresten genuenok, gure gurasoena bezain bizimodu arrunta zuten pozaren artista haiek?

Kultura ofizialak folklorizatu egin zuen trikitia, exotizatu. Kontrakulturak, berriz, zokoratu eta arbuiatu. Hertzainak taldeak lehenik eta Fermin Muguruzak gero egindako hurbilketak epatanteak izatera ere iritsi ziren, hain ziren inguruko korronte nagusiaren aurkakoak. Baina trikitiak ez zuen behea jo, iraun egin zuen, bizirik eta pozik, alai, eta halaxe jarraituko du aurrerantzean ere, bere bidezidor xumean, espanturik eta propaganda hutsalik gabe, hedabideen arreta erakarri gabe, erakundeen laguntza handirik gabe, euskarri eta hazkurri nagusi belaunaldiz belaunaldiko transmisio zuzenaren zuztarra duela, batzuek —zilegitasun eta zuzentasun osoz beharbada— nostalgia deituko luketen hori; trikiti giroa txikitatik ezagutu ostean trikitia gutxietsi genuenok ere batzuetan, gutxien uste dugunean, trikitia entzutean hartzen gaituen barruko poz hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.