Ismael Manterola
Artea. Begiz

Regoyos

2013ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Euskal artista bat ezagutzeko moduko erakusketa jarri dute Bilboko Arte Ederretako Museoan. Dario de Regoyos (1857-1913). Abentura Inpresionista izenburua jarri diote, eta BBK aretoan egongo da ikusgai, urtarrilaren 26ra arte.

Ribadesellan (Asturias, Espainia) jaio zen Regoyos, baina Euskal Herrira txikitatik etortzen omen zen Irunera udak pasatzera. Hain zuzen, bere amak denboraldi luzeak pasatzen zituen Donostian zuten etxean senarra hil ondoren. Horregatik, ez da harritzekoa 1882tik aurrera eta 1888ra arte Regoyos Irunen bizitzea, Bruselan ikasten eta pintatzen ibili ondoren. Hala ere, Brusela eta Parisekin harremanetan jarraitu zuen, lagunak eta arte loturak bertan mantendu zituelako.

Hurrengo urteetan Donostian bizi izan zen, nahiz eta bidaia ugari egin Europan eta Euskal Herrian zehar. Bilbo izan zen Regoyosentzat hiri erakargarria, eta bertako pintore modernoekin harremanak hasi zituen, Guiard eta Losadarekin batez ere, Lehenbiziko Arte Modernoko erakusketak antolatzeko XX. mendearen hasierarekin batera.

Bilborekin lotura horiek ez dira inoiz etengo, eta Euskal Artisten Elkarteko kide aktiboa izan zen 1911n elkartea sortu zen urtetik aurrera.

Hiriarekin bizi izandako harremanak direla eta, oso egokia iruditu zait Regoyosen erakusketa Bilboko Arte Ederren Museoan antolatzea, pintorea euskal artista berritzaile handienetakoa izan zelako modernitateak aldaketak ekarri zituen momentuan.

Erakusketa zabala eta ederra da. Gustu handiz ikus daitezke artistaren 130 lan, nahiz eta bukaera aldera luze xamar egin. Agian aukeraketa lan handiagoak mesede egingo lioke erakusketari. Batez ere, lehenbiziko zatia interes handiarekin ikusten delako: hasierako lanak, Espainia beltza delakoa, obra grafikoa, puntillismoari eta inpresionismoari eskainitako atalaren hasiera. Aspaldian ikusi gabeko lanak edo inoiz ikusi gabeak bilduma pribatuetan egon direlako, begi eta bururako gozamena direla esan behar da.

Geroko koadroek, zertxobait errepikatu arren, aukera zabala eskaintzen diote ikusleari Regoyosek inpresionismoaren inguruan egin zituen interpretazioak gozatzeko. Mendiko paisaiak, baina batez ere herri txikien bistak dira Regoyosen gogokoenak, biztanleen irudi txikiak azaltzen dituzten herri tipikoak eta argiarekin jokatzeko aukera ematen diotenak. Horrekin batera, aipagarria da hiriari Regoyosek eskaini zion begirada; Bilbo, Burgos edo Bartzelona izan, ez zion Bruselan hasitako ibilbideari uko egin. Hiria, bizitza modernoaren eszenatoki moduan, inpresionismoaren eta haren ondorengo pintoreen gai gogokoa izan zen, eta Regoyosek Euskal Herrira ekarri zuen gaiaren indarra. Hala ere, txoko bereziak, intimoak eta xumeak dira Regoyosen pinturetan gehien estimatzen duguna, adibidez, Bartzelonako egonaldian pintatutako Oilo-tokia izeneko koadroan azaltzen den ikuspuntua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.