Ismael Manterola
BEGIZ

Rosa izatearen garrantzia

2015eko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Ia oharkabean pasatu da artista handi baten heriotza. Ustekabean harrapatu ninduelako-edo, eragin izugarria izan zuen nigan BERRIAn irakurritako hilberria. Ezagutzen duzun artista baten heriotzak gehiago hunkitzen zaituela esatea agerikoa bada ere, maitasun berezia nion Rosa Valverderi erakusketa baterako testua idatzi nionetik.

Rosa izatearen garrantzia ipini nion izenburutzat aipatutako testuari, Oscar Wilderi keinua egiteko eta Valverderen lana zehazteko, haren lanak zuen ukitu naif eta psikodelikoak (Javier San Martinek bere garaian idatzi zuen bezala) ondo ezkontzen baitzen arrosa koloreak gaur egun hartu duen ñabardurekin, baita kitsch delako joera batekin ere.

Hain zuzen, Rosa Valverderen mundua 70eko Gipuzkoan, eta bereziki Donostian, ondo txertatutakoa da. Askatasunaren bila zebilen gazte belaunaldi aktibokoa zen, hiri burgesaren kontra matxinatutako erdi-goi mailako familien arteko enfant terribleak. Artea, literatura, zinema, ziren haien zaletasunak, baina beste esperientziak ere bilatzen zituzten drogaren bidez batzuek eta militantzia politikoaren bidez beste batzuek, bietan tokia bilatzen zutenak ere baztertu gabe.

Vicente Ameztoik, Andres Nagelek edo Ramon Zuriarrainek bidea zabaldu zioten Oteizaren proposamenak baztertzeko aukerari, eta Rosak eta, haren antzera, gazteagoak ziren artistek askeago ikusi zuten beren burua erreferentzi ezberdinak erabiltzeko: figurazioa, kolorea, arte herrikoia, pop moduko irudiak, ametsetako edo haluzinazioetako irudiak, emakumeenak ziren erreferentziak, aldizkariak, trasteak oro har, dotoreak edo kitsch modukoak izan.

Hari horiekin guztiekin ehundu zituen Rosa Valverdek bere koadroak eta objektuz betetako kutxak. Kutxa horietan, izugarrizko trebetasuna garatu zuen toki askotatik zetozen gauzak elkartzeko; gehienetan, barrea eragiten zuten elkarketa absurdoak lortzeko, lehenbiziko begiradan, eta buruari buelta pare bat emateko, bigarrenean.

Baina, seguru asko, emakumea izateagatik eta egiten zuen arte mota egiteagatik, hau da itxurazko eragin transzendentalik ez zuten Corten altzairuzko artelan pisutsuak, ez zuen izan arrakasta komertzial eta kritiko handirik izan. Hala ere, denboraldi bat arte agertokietatik at ibili ondoren, 2000. urtetik aurrera indartsu azaldu zen arte aretoetan. 2002ko Koldo Mitxelenako atzera begirakoa azpimarratuko nuke, orduan konturatu baikinen, gehiegi ezagutzen ez genuenok, nolako artista handia zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.