Angel Aldarondo.
ZIN-ZINEZ

Soilik bakardadean (I)

2015eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Aste honetan bi harribitxi egokitu zaizkit. Bata, disko formatuan, bestea, dokumentalean. Biak izugarrizko lan onak, aspaldian gehien harritu nautenak. Biak hemengoak, etxekoak, gutarrak. Baina hori ez da ezaugarri komun bakarra, ezta garrantzitsuena, inondik inora.

Garrantzitsuena, edozein obratan, beti izango da emaitza, hartzaileak jasotakoa, egilearen diskurtso edo aitzakien ezjakinean. Baina batzuetan, zoratzen zaituen obra horien atzealdean sakontzen, mirari baten aurrean zaudela konturatzen zara, artelana beste maila batera igoz. Magia horren guztiaren atzean, Oz-eko gizontxo bakartia desestaltzen duzun une haluzinagarriaz ari naiz. Une horretaz. Pertsona bakar batek beste hamarren lana egiteko gauza dela deskubritzen duzunean.

Aspalditik gehien txoratu nauen diskoa, Joseba Ponceren JP Lohian & Konen Klana proiektu ultrapertsonala izan da. Den-dena berak egin du, mimo handiz azken punturaino, sekulako bideoklipa barne, eta dena primeran atera zaio, Berpizkundeko martzianoen erara. Flipantea benetan. Badakit ez dela politikoki zuzena esatea —sinergien eta elkarlanen garai hauetan—, baina baliteke ohiko lantalde batekin JP-ren diskoa huts egindako tiroa gertatu izana.

«Bakardadean aurkituko duzu betetasuna», esan zuen behin Chaplinek. Baina oraindik, musikan edo zinemagintzan, sortzaile osoek fama zalantzagarria sufritzen dute. Beste arlo batzuetan ez da horrelakorik gertatzen, normala delako margolariak, eskultoreak edo idazleak lanean bakarrik aritzea. Haruki Murakami koldarrak, adibidez, idazteari ekin zion zinemagintzaren konplexutasunaz ohartzerakoan.

Zineman, laburretik at, oso zaila da dena menperatzea, baina diletante arduratsuek, autodidakta ausartek eta ausarkeriazko talentudunek badute aintza lortzerik. Eta aste honetako bigarren ezusteko oparia, dokumental erraldoi baten atzean lau katu daudela jabetzea izan da. Baina honi buruz gehiago jakiteko, datorren astera arte itxaron beharko dugu. Diotenez, istorio kontalari trebeek, jakin-minez irrikan utzi behar dute beti entzulea. Edo to be continued bat erantsi.

To be continued...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.