begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Suak eta izotzak hartutako irudiak

2021eko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Bazen behin urre-biltzaileak zein etxeak urrez estalirik zituzten guggenheimdarrak sorgintzen zituen asmakizuna. Hain deabruzkoa, ezen, suak mila aldiz hartu bazuen ere, itxuraz, materiaz, izanaz, euskarriz aldatuz, garaiak ere gainditu dituen, eta bizirik dirau, urre-biltzaile horien gorputzak egun errautsak baino ez diren bitartean, jende frankorentzat Guggenheim deitura museo batena, batzuena, baino ez den bitartean.

Zinemaz ari naiz. Filmin plataformak gure etxe barruko pantailetara ekarritako Bill Morrisonen Dawson City: Frozen Time izenburuko lanaren harira. Harira eta haritik. Dokumental honek 2006ko Veneziako Mostrara hurbildu zirenen begiak bete zituen denborak, suak, zaborrak zauritutako irudi zahar- zaharrez.

Sei urte geroago, zinema arkeologiarekin zerikusi handia duen lan mardul honek ustekabean harrapatu ditu hamaika zale. Bagenekiena baieztatu du galdutako mila film historiaurrekoren irudiak salbatu dituen dokumental honek: hauskorra da gure ametsak, amesgaiztoak eta asmakeriak biltzen eta sorrarazten dituen materia. Hauskorra. Apurkorra. Ametsek eragiten duten kalentura bezain su hartzeko erraza...

Izan ere, film honek memoria horren eta materia horren hainbat puskaren aurkikuntza kontatzen digu. Abenturak azaldu ohi diren doinu, soinu, ukitu eta manera bertsuekin.

Urrearen egarriz eta bizitza berri baten gosez, izua eta horrorea gainditzen zituen balentria batera milaka eta milaka lagun lurraren ertzetara bultzatu zituen indar ero eta estrainio beraz, zinema arkeologo, esploratzaile eta amorante sutsua den Bill Morrisonek zera kontatzen digu, ipuinak kontatu behar diren melodian: egun batean, Alaskarekin eta Ozeano Artikoarekin muga egiten duen Kanadako Yukon ibai ondoko lurretan, Dawson hiriko apaiz protestantea eta zinegotzia izateaz gain eraikuntza-eraiste munduan lan eta negozio egiten zuen Frank Barrettek, obra batean zegoela, hondeagailua martxan, hartxintxarren artean, metalezko kutxa bitxi batzuk topatu zituen. Baita zinta arraro samarrak ere... Jaso orduko konturatu zen: pelikulak ziren, pelikula pusketak, zinemakiak. Aspaldi-aspaldikoak. Pelikula puskak... puskaturik, hezetasunak eta zomorroek janda, porlanezko zein adreiluzko hautsak harturik... izotzak babesturik betiko.

Hortxe hasten da Dawson City: Frozen Time: zabortegian, makina hondeatzaile baten gainean. Hortxe, planetaren finis terrae horietako baten mugan, agertzen dira zinemaren hastapenetako aztarnak. Aztarna zaurituak, txikituak, erreak. Hor ekiten dio Morrisonek bidaiari.

Historiak, zinemak, kronikek behin baino gehiagotan azaldu digute zenbaterainokoa den gizaki zuriak urrearekiko duen desira, egarria, kalentura. Chaplinek kontatu zigun, bai. Baita The Sisters Brothers film zoragarriak ere. Jakin badakigu, Jack London irakurrita dugu eta; ingelesez, edota Xabier Olarrak, Iñaki Ibañezek, Gillermo Etxeberriak euskarara ekarritako bertsioetan.

Bai, urreak eragindako gosearen, egarriaren, sukarraren berri badugu. Badakigu ere, hutsetik sortzen zirela hiriak urrez zipriztinduriko ibai ondoetan. Zinemak erakutsita dakigu, literaturak ere bai. Horren urrun ematen duten garaietan ateratako argazkiek geureganatzen dituzte abenturazale horien guztien irudi erdi ustelduak.

Horren ondo ez genekiena da Bill Morrisonek azaleratzen duen beste mota bateko istorioa: hiriak sortu ahala, Far Westeko pelikuletan hainbestetan ikusitako hiri horiek kasik eraiki baino lehen, zinema saloiak irekitzen zirela. Saloon haien aldamenetan, biltegi eta burdelen aurrean.

Urre-biltzaileek areto horiek lepo betetzen zituzten. Eta urrearekin gero eta aberatsagoak bilakatzen ziren horiek areto berriak eraikitzen zituzten.

Pelikulak nitratozkoak ziren. Eta erraz hartzen zuten su. Eta, pelikulekin batera, belusezko errezelek, egurrezko besaulkiek, ikusleen gorputzek...

Hildakoak bizirik gordetzen dituen zinemak behin baino gehiagotan zabaltzen zuen herioa, begiak bete amets eta zorabioak harturik, nitratozko suge filmatu horiek ikusten ari zirenen artean.

Pelikulak ere hil, ezabatu egiten ziren. Adituen arabera, hitzik ez duen zinemaren %80 desagertu da. Suaren atzaparretan, Denboraren besoetan. Horren berri ematen du Dawson City: Frozen Time-k. Eta berri ematen du hondeagailu hark salbaturiko irudien bitartez, orbainez beteriko irudi horiekin, Antzinatik esnaturiko irudi-mamu horiekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.