ARTEA. BEGIZ

Txillida Leku

Ismael Manterola
2010eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Kultur baliabideak murrizteko garaia da. Krisi ekonomikoak kultura eta gizarte laguntzak ezabatuko ditu. Txandan hurrengoak hezkuntza eta osasuna izango dira.

Hala ere, kulturak eta turismoak elkar eragina dutenean eta hiri batek Europako kultur hiriburua izateko hautagaitza aurkeztu duenean, itxura txarra emango luke museo bat itxi dela jakiteak.

Badirudi azkenean Txillida Leku itxi egingo dutela. Ilusio handiz zabaldutako proiektuaren porrota onartu behar izan du Txillida eskultorearen familiak. Krisiaren eragina izan den edo beste arrazoiak dauden ez da jendearen artean zabaldu.

Zaila da museo pribatu batek bere kasa irautea, batez ere artisten oinordekoek kulturaren alde noraino iristeko prest garbi ez badaukate. Eskultorearen proiektua izan omen zen Zabalaga baserrian museoa zabaltzea, eta hamar urteotan alargunak eta seme-alabek aurrera jarraitu dute aitaren ametsarekin. Baina, denborak aurrera egin ahala, gero eta lausoagoa da aitaren oroitzapena, eta handiagoa ahalegin ekonomikoa.

Seinale ona izango litzateke artearen bidez jasotako irabaziak artearen alde inbertitzea, baina agian artistaren familiak ezin du horrelako pisuaren gatibu bizi. Ulertzekoa da, beraz, txillidatarrek hartutako erabakia.

Horren ondo ulertzen ez dena komunikabideak eta politiko batzuk zabaltzen ari diren mezua da, erakunde publikoek proiektu pribatu baten diru galerak bereganatzearen alde. Txillidatarren prentsa oharraren atzean ere, horrelako zerbait sumatzen da: guk ezin dugu oso interesgarria den museoarekin, erakundeek diru laguntzarik ematen ez badute. Edo antzekoa dena, zuen dirua gustura jasoko genuke, guk nahi duguna egiten jarraitzeko.

Horregatik, neurrikoa iruditu zait Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako erantzuna. Guztion ondarea zaintzeko dauden erakunde publikoek baldintzak jarri behar dituzte kultur azpiegitura pribatuari dirua emateko orduan. Ezin da orain arte bezala museo pribatua izaten jarraitu, diru publikoa jasota. Adostasunera iritsi nahi bada, familiak zerbait eman beharko dio Gipuzkoari, eta, ez badute ezer eman nahi, Txillida Leku ixtearen ardura familiarena izango da.

Euskal Herrian ez daude museo pribatu asko, eta daudenak artisten familiek antolatutakoak dira. Eredu interesgarria da, nahiz eta museo horietako arduradunak erakunde publikoen diru laguntza urrien kexu diren. Baina erakundeen dirua jasotzeko prest dauden heinean, egon beharko lukete kudeaketa publiko edo kontrolatu baten alde. Ez du ezertarako balio guztion dirua jasotzeak, eta, aldi berean, adibidez, museoko edukiak nahierara erabiltzeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.