begona del teso
EPPUR SI MUOVE

William, infernuetan zarena

2023ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Ez nauzue hileta-oharren zale. Egiari zor, irakurtzeko, bai. Bada kazetaritza genero bat izugarri laket dudana. Erresuma Batuko, AEBetako eta Frantziako kazetarik eta aldizkaririk prestigiotsuenek berezko estilo bat sortu, jorratu, garatu zuten aspaldian; ezer ezkutatzen ez duten hileta-ohar ondo landutakoak merezi duten gradura ekarriz.

Hegoaldeko inguruetako hedabideetan, ostera, hildakoa gutakoa, gutarra bazen, negar-kantarien kopla txarrak baino ez dira agertzen bere azken orduan. Berriz, iraganean pasarte, pasadizo, bazter ilunen bat izan bazuen (denok dugun antzera), artega sumatzen duzu erredaktorea, gurean (eta gure hurbiletan) heriotzak pertsonaiarik zakarrena ere zintzo demonio bihurtzen baitu...

Beraz, gustuko ditut, aitortu dizuedan bezala, ondo idatzitako hileta-oharrak. Ez, ordea, idaztea. Alde batetik, gure mira merezi izan duen jende asko eskaintzeko zuen guztia eskaini eta gero hiltzen delako. Nirekoi, zurekoi, gurekoi, berekoi jokatuz gero, zera esan genezake, gupidagabe: beraiengandik jaso genezakeen guztia ederki xurgatu dugu (diegu) hiltzerako.

Beste zio (aitzakia) bat ere badut: eskaintzeko zuten hori guztia eskaini ondoren, biziak, patuak edo auskalo zerk urte batzuk gehiago erregalatu dizkielako ez dut kasik inoiz hileta-koplarik kantatzen. Lasai asko gasta zitzaten erregalatu dizkie urte horiek. Ez sortzen, ez hausnartzen, ez antzezten, ez ezertan aritzeko; bizitzeko (hala edo nola, nola edo hala) baizik. Maiz, maitatu zenuen sortzaile, artista baten heriotzaren berri jakiterakoan, krudelki galdetzen diozu zeure buruari: «A, baina bizirik al zen oraindino?».

Hori guztia esan, idatzi ostean, zin dagizuet nik ez niokeela egingo heriotza-oharrik, kanturik, 40 pelikula filmatu zituen Chicagoko William David Friedkini, Jeanne Moreaurekin ezkonduta egon zen horri. Nahiz eta berak asmaturiko munduak izugarri gogoko izan. Beti ibili baitzen gizakion eta mundu honetako zoko ilunabar aldekoetan. Hasiera-hasieratik. Izan ere, Alfred Hitchcocken beraren ipuin makabro samarrak gure etxe barruko telebista gailu estreinako horietan sartzen zituzten telesailetan ekin zion ofizioan trebatzeari. Eta, gero, The Twilight Zone eta Tales from the Crypt-en antzekoetan.

Badakit The French Connection nahiz To Live and Die in L.A. filmen autorea dela. Badakit pareko gutxi duen Fritz Langekin izan zuela solasaldi berdingabe bat, dokumental ohiz kanpoko bilakatu zuena. Badakit abuztua bukatu eta iraila hasi bezain fite estreinatuko dutela Veneziako zinema jaialdian zendu aurretik amaitu zuen The Caine Mutiny Court-Martial. Bertan egingo diote ni bezain esker beltzeko ez diren horiek merezitako aitortza.

Baina nik ez nioke, ez, herio aipurik egingo William Friedkini, ez balitz bera izan gehien beldurtzen, izutzen, ikaratzen nauen filmaren egilea. Hainbeste dar-dar eskarmentu jaso eta gero, nire arima ezerk (ez pailazo hilgarriek, ez serieko hiltzaileek, ez gaur egungo influencer-en itxura hartu duten euskal zeluloidezko sorginek) setiatzen ez duen uneotan, ni The Exorcist-era itzultzen naiz. Hor baita garai guztietan zehar sutondoan kontatu izan diren istorio ororen mami hasi-hasierakoa. Gaitza baita hor nagusi. Inoren, ezeren aurrean makurtuko ez den Gaizkia, denetan ederrena, denetan suharrena, denetan errebeldeena izan zen aingeruak hartutako film hark izu zinema azpikoz gora jarri zuen, eta nork ukatuko digu bere arrastoa biharko hamaika ekoizpenetan aurkitu dugula?

Horrexegatik idazten dut idazten ari natzaizuena. Ez pentsa, ordea, minez ari naizenik. Ez. Plazer beltz, ilun, suzko eta jelazko batez irudikatzen dut nik infernuan, infernuetan, Williami egin dioten harrera. Seguru atarian Akerra, Nausia izan dela, ondoan Mexikoko Ilunpetako Jaun Mictlantecuhtli, Greziako Pluton eta Egiptoko Anubis zituela. Seguru demonio txikiek egin diotela agur-dantza. Seguru Dantek eta Virgiliok sufrikario handian ikusi izan zituzten gizaki guztiei arindu egin zaiela, Akerrak hola aginduta, eternitatearen istant batez, ezarritako infinitua.

Horrexegatik idazten ari natzaizue idazten ari natzaizuen hau. Baina ez ezazue sinets inozoa naizenik; jakin badakit Luzifer, Friedkin besarkatu ondoren, kargu hartzera hurbilduko zitzaiola iaz kaleratu zuen The Devil and Father Armoth lanagatik (Youtuben duzue, ikusi nahi izanez gero —hobe ez—); hain zen horrorosoa, ezen Akerraren ezkerrean eseri aurretik, azalpenak eman beharko baitizkio Williamek. Hala eta guztiz ere, agur t'erdi. Denok gara Gaitzak eginak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.