ZIN-ZINEZ

'Zaharrunoegia'

Angel Aldaondo
2015eko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Atzo batxilergoko ikasleekin solasaldi bat moderatzen aritzeko aukera izan nuen. Donostiako Zinemaldikoek gonbidatuta, gutxietsia dagoen Minority Report filmaren inguruan aritu ginen. Filma ikusi ondoren, gazteekin —ni baino gazteagoak direnekin, alegia—nire kontu errepikakor eta obsesibo bati buruz gehiago jakiteko unea aurkitu nuen. Hau da, oraingo gazteek pelikula klasikoak ikusteko ohiturarik duten ala ez, haiek jaio aurretik sortutako edozein film ikusteari fobiarik garatu dioten jakin-mina baitut.

Badirudi ez dutela gogo handirik, eta ulergarria da. Egun egiten den ikus-entzunezko produkzio kopuru erraldoia kontuan izanda eta haiekin gozatzeko eskuragarritasuna ikusita, ez dute atzerantz begiratzeko premiarik—ezta astirik ere, esango nuke nik—. Posible da nerabeen disko gogorretan izenburu klasikoren bat aurkitzea, ziurrenik Internetetik hartutako pelikula porno tranpa baten erruz edo.

Guraso zinezaleak dituztenak salbu, gehienentzat zaharkituta daude film horiek, zaharrunoak dira —zaharruno hitza bera bezalaxe—, eta soilik film garaikideek pizten diete arreta. Baliteke nire adinekoek gaztetasunari zioten fobia bera izatea. Baina gu, lehen magnetoskopioak —etxeko bideoak— agertzeko zeudelarik, eta Internet sarea zientzia-fikzioko gai hutsa zen garaian, muturren aurrean mugitzen zen edozer gauza irensteko prest geunden. Asteburuko zinema aretoko bisitaz gain, telebistako bizpahiru kateetan botatzen zituzten edozein garaiko filmak onartzen genituen. Gure ikusminak ez zion ezeri muzinik egiten.

Neure burua entzuten, aitondua nabilela esango nuke. Baina garai berrien tarei ez diet beldurrik. Gazteek zinema aitzindaria ez dute gustuko. Primeran ba. Nolabait, gaur egungo zinemagileak betiko film horien oinordekoak dira. Beraz, zinema prozesatua irensten dute, eboluzionatua. Gazteek klasiko zaharrak ez ikustea gabeziatzat jo dezakegu, baina gaur egungo ikus-entzunezkoen kalitatea ganorazkoa baldin bada, ez dugu zertan kexatu; Minority Report filmak, adibidez, baditu Alfred Hitchcocken film onenen oihartzunak. Orduan, zertarako jo jatorrizko iturburura?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.