Maitasunezko istorioak atsegin ditu akademiak. Baina hainbeste atsegin al ditu homosexualen artekoak? Sexu jarrera horri buruzko pelikularik ez dago film onenaren Oscar saria lortu dutenen artean. «Aurten bai» zioten. Baina Ang Lee zen haren arduraduna. Eta Taiwangoak ez du lagun askorik akademian. Zuzendari onenarena eman diote, alor horretan hirugarren izendapena zuen aurtengoan- eta. Baina urrunago ez dira joan. Nola uler daiteke zuzendari onenak ez egitea film onena? «Ez dakit zer pentsatu», dio Ang Leek. Guk ere ez.
Erosoagoa izango ote zitzaien akaso Crash saritzea? Haren arduradun Paul Haggis arantzaz beteriko bidean sartu dela onartu behar da, baina AEBetako gizartearen erretratu kritikoa ikustera ohituagoa daude amerikarrak eta akademiak saritu izan du halakorik (American Beauty).
Sekula saritu ez dituenak bestelako filmak dira, benetan deserosoak, kasurako Good night and good luck eta Munich bezalakoak. Bigarren mailako aktore onenaren Oscar saria eman ziotenean (Syriana) jakin zuen Clooneyk ez zuela sari gehiago jasoko. McCarthy senatorearen arima ez dago hain urrun, eta Good night and good luck benetako film ausarta izan da ehizatu duen azken sorgina.
Eta zer esan atzo arte Hollywoodeko kuttunetakoa izan den Steven Spielbergi buruz? Bost izendapen izanda, bat bera ez duela eraman. Ez diotela barkatu Israelgo politika ezbaian jartzea. Schindler's List egiteak sari handiena ekartzen duela eta Munich-en iraultzak zigorra dakarrela. Eta Ikuskizunaren lobby ezagunenaren hatzaparrak oso luzeak direla. Jakingo al zuen hori Spielbergek? Paradise Now palestinarreko arduradunek bai. Galde diezaiela haiei.
ANALISIA. McCarthy eta 'lobby' ezagunena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu