Durangoko Azoka

Andoni Egaña: "Ikusgarritasuna bai, baina ez da esentzia galdu behar"

Euskal kulturaren ikusgarritasunaren inguruan gogoeta egin dute Andoni Egañak eta Asisko Urmenetak; biek nabarmendu dute nortasuna mantentzearen beharra.

Andoni Egaña eta Asisko Urmeneta solasean aritu dira Areto Nagusian. ANE URRUTIKOETXEA
Ane Urrutikoetxea.
2015eko abenduaren 5a
13:54
Entzun

"Gaur egun, euskara ikasi ez duenak nahi ez duelako da" adierazi du Asisko Urmeneta komikigileak. Euskal kulturaren ikusgarritasuaren inguruan mintzatu dira bera eta Andoni Egaña bertsolaria Durangoko Azokan, Alberto Barandiaranek gidatutako solasaldian. Biek nabarmendu dute kulturgileek beren nortasuna mantentzea funtsezkoa dela, eta zabalkundea besterik gabe egiteak kontrako ondorioak ekarri ditzakeela.

Egañaren esanetan, bertsolaritzak badu abantaila, euskara hutsean egiten delako beti; hala eta guztiz ere, kulturaren zabalkundea edozein preziotan egitearen aurka agertu da: "Ikusgarritasuna beharrezkoa da maila batean, bai, baina ez da esentzia galdu behar". Kulturaren hauskortasunaz ere mintzatu da bertsolaria: "hedabideek edukia gutxitu dezakete, garrantzia duenari edukia kenduz, defendatzeko aukera eman gabe. Askotan, erpinaren erpina besterik ez dute azaltzen. Dena den, euskal hedabideek kontrako bidea egiten dute sarritan, eta kultura guztia pilatzen dute kriteriorik gabe, asko sortzen dugunaren itxura ematearren".

Bide beretik jo du Urmenetak, ikusgarritasun mota guztiak onura ekartzen ez dutela nabarmenduz: "Iparraldeko medio ez euskaldunek gure kulturaz hitz egiten dutenean anekdotak kontatzen dituzte, eta ez dute benetan kulturaz hitz egiten; horregatik, ni ez nago besterik gabe etengabe nazioarteratzeko ahalegina egitearen alde".

Hausnarketa guztiaren kronika argitaratuko du bihar Gorka Erostarbek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.