Andoni Iturbe (Bizkaiko Ondare Zerbitzuko arduraduna): "Erantzukizuna daukagu ondorengo belaunaldiekin"

Santimamiñe publikoari ixteko erabakia ez zen izan hartzen erraza, baina lagundu zuen hura ezagutarazteko beste eredu bat, bisita birtuala, eskuan izateak. Orain halako leize bat aurkituz gero, Iturberen ustez, "ez litzateke bisitetarako zabalduko".

Irune Lasa.
2014ko apirilaren 6a
12:53
Entzun

Andoni Iturbek ere gogoratzen ditu eskolatik Santimamiñeko leizera «ogitarteko eta guzti» egindako txangoak. Orain, hango ondarea zaintzea da haren laneko eginbeharretako bat. Zaintzea eta errespetatzea, hurrengo belaunaldietara ere iritsi dadin.

Zaila izan al zen Santimamiñe publikoari ixteko erabakia hartzea?

Ez zen inondik inora erraza izan. Baina, erabakia hartu genuenerako, lan batzuk martxan ipiniak zeuden, gehienbat ikusteko kobazuloak zelako portaera zeukan. Behatoki txiki bat jarri genuen, eta ikusi genuen jendea sartzea guztiz txarra zela, kobazuloari kalte egiten ziola. Baina, ordurako, ari ginen eredu bat sortzen, aztertzen teknologiak zer aukera ematen zigun hori aurrera ateratzeko.

Izan zen erreakziorik kontra? Jendeak ulertu zuen ixtea?

Nik uste dut baietz, ixtea erabaki genuenean azaldu egin genuelako zein ziren horretarako arrazoiak. Eta, badiotsut, beste eredu batean lanean hasiak ginen, eta hori jarri genuen abian, eta hala dago gaur egun. Munduan ez dago halakorik, teknologia hori erabiltzen duen beste eredurik, eta atzerritik etortzen dira gurea aztertzera.

Itxi aurretik, nolakoa zen kobazuloaren egoera? Zein zen arazo nagusia?

Arazo nagusia kutsadura zen: kanpotik ekarritako kutsadura zegoen barruan. Ikusten zen pertsonen presentzia zela kutsatzaile nagusia. Horrek eragiten zuen kobazuloko ekosistemen baldintzak aldatzea, eta argi zegoen pertsonen presentzia kendu egin behar zela.

Argiteria ere hor zegoen, kaltegarria...

Bai, bazeuden lehen egindako esku hartze zenbait, garai bateko ereduari jarraitzen ziotenak. Argindar sistema zegoen sartuta, baranda batzuk... Eta, jakina, horrek ere kalte egiten zion leize-zuloaren ekosistemari. Hor garbiketa bat egin zen.

Kobaren jabetza zeinena zen?

Pinturak aurkitu zirenean, foru aldundiak erosi egin zuen koba. Eta, itxi zenean, titularra aldundia zen. Baina egia da denborarekin kobazuloak eta hango artelanak erakusteko sistema desberdinak egon direla, eta azkena zen, hori, jendea sartzea, barandak ipintzea, kale baten moduko bihurtzea erabakitzea. Eta, ikerketa egin genuenean, argi ikusi zen guztiz kaltegarria zela. Ikusi genuen kobazuloa bere jatorrira eraman eta ekosistema errespetatu behar genuela.

Argindar sistema eta besteak kendu egin ziren.

Instalazio guztia kendu zen, eta baita baranda gehienak ere. Eskailera batzuk utzi ziren bakarrik, sartzeko eta ateratzeko beharrezkoak zirelako, baina dena gutxienekora jaitsi zen, kutsadura hori txikituz joateko. Eta, egia esan, lortu da.

Zer moduz dago, bada, leizea osasunez?

Behatoki bat daukagu barruan, eta egunero-egunero laginak hartzen ditu. Horrek emandako datuen arabera, itxi zen egunetik honako hobekuntza nabarmena izan da. Nik esango nuke gaur egun harpea egoera naturalean egoteko bidean dagoela.

Santimamiñe ixteak beste onura bat izan zuen, ezta? Ikerketa gehiago egiteko aukera eman zuen, aztarnak aztertzeko eta.

Santimamiñeko proiektuak hiru zutabe nagusi ditu. Bat ikerketa da; bestea, kontserbazioa, eta hirugarrena, kobazuloaren kultur balioaren zabalkundea. Eta ikusi genuen ordura arte egindako ikerketak berriz aztertu behar zirela, Barandiaranek-eta egindakoak berriz aztertu gaur egungo baliabide teknologikoekin. Ikerketa berri horien emaitzak urtero aurkezten ditugu.

Noizbait zabalduko da berriz Santimamiñe publikoarentzat?

...Nik ez nuke ezetzik esango, gaur egun teknologiak eta gauzak oso arin doaz eta. Baina, epe laburrera, nik ezezkoa esango nuke; epe labur eta ertainean ez dut ikusten zabalduko denik.

Bizkaiko ondarearen arduradun nagusia zara zu. Nola kudeatzen da ondarearen kontserbazioa eta, aldi berean, gizarteak hartaz gozatzeko duen eskubidea edo nahia?

Nik uste dut Santimamiñen oreka hori lortuta dagoela, zeren proiektuaren hasieran... Ados, kobazuloa itxi egiten dugu, baina, aldi berean, jendeari eman egin behar diogu haren balioa ezagutzeko modu bat. Eta bisita egiten duenak lehen unean instalazioak eta indusketak ikusteko aukera dauka, kobazuloaren sarrera horretan. Eta, gero, ermita batera joan, eta han ikus dezake kobazulo osoa, hiru dimentsioko proiekzio batean. Proiekzio hori, gainera, denbora errealean dago; ez dago enlatatuta... Eta, horrekin, aukera dago pinturak eta leizeak dituen beste balioak kobazuloan bertan izanda baino xehetasun gehiagorekin eta garbiago ikusteko.

Izan ere, guk nahi dugu jendeak esperientzia hori edukitzea, ezta? Nik uste dut proiekzio horretan badaukazula esperientzia hori, eta, gainera, barruan baino garbiago ikusten da. Kobazuloan pinturak ikusteko, begia eginda eduki behar da; ohituta egon behar duzu. Adituek begi hori egina dute, baina guk, hilkorrok, ez... Horregatik, nik uste dut esperientzia delako hori neurri batean lortu dugula proiekzio horrekin.

Baina batzuek diote zirrara originalak bakarrik eragin dezakeela. Hori esan du, adibidez, Altamirako zuzendariak.

Originalak... Nik proba egingo nuke: edo originalak ikusi, edo pinturak proiekzio horrek ematen duen kalitatearekin ikusi. Eta nik uste dut askoz gehiago gozatzen eta estimatzen duzula bertara joanda baino. Egia da, ados nago; originala ikustean... Baina zenbatek daki gauza bat originala den edo ez den? Museo batera joanez gero, oso aditua izan behar duzu erakusten den hori originala den ala ez jakiteko. Eta, batzuetan, museoetan ez dituzte originalak ipintzen. Buruan daukagun gauza bat da, baina originala ikusteagatik hari kalte egiten badiozu, nik errespetuaren alde egiten dut, originala ikustearen alde baino gehiago. Hori sartu egin behar dugu buruan. Originala ikusteak hari kaltea egitea esan nahi badu, agian hobe da beste bide batzuk topatzea.

Gero, badago beste gauza bat. Zu eta ni hemen gaude gaur egun, baina desagertu egingo gara. Eta erantzukizuna daukagu ondare hori uzteko atzetik datozen belaunaldiei ere. Errespetu hori ere barneratu egin behar dugu; erantzukizuna daukagu ondorengo belaunaldiekin, eta hori gure lantaldean oso barneratuta daukagu. Guk lan egin behar dugu atzetik datozenei ondarea behar den moduan uzteko.

Gaur egun horrelako kobazulo bat aurkituko balitz, halako pinturekin eta... Zabalduko litzateke publikoarentzat?

Ezetz esango nuke. Erakunde honen lana izango litzateke jendeari kobazulo horren balioen berri ematea, erakusketa batean edo beste moduren batera, baina ez fisikoki kobazuloan bertan. Hori da gure betebeharra.

Zabalik zegoen leizeak adina jende erakartzen du proiekzioak?

Jendea ea zer ikusiko duen pentsatuz doa hara. Eta hasieran, harpearen zati bat bisitatzean, gehiago ikusteko gogoz geratzen da. Baina, gero, proiekzioaren esperientzia hori izatean, poza handia da. Inkestak egiten ditugu, eta balorazioak oso onak izaten dira: batetik bostera, azken urte honetan 4,7an egon gara. Horrek erakusten du jendea gustura gelditzen dela proiektu osoa bisitatu ondoren. Umeei gustatzen zaie gehien, beharbada teknologiarekin beste harreman bat daukatelako.

Sortutako kutsaduraz gain, gizakiak beste kalterik egin al zuen kobazuloa zabalik egon zen tartean; astakeriarik egin al zen, zatiak eraman edo halakorik?

Ikusten dira marka batzuk; batzuek bisitan beren ondarea utzi digute, baina astakeriarik ez. Salbuespen horiek kenduta, jendeak errespetatu egin du kobazuloa.

Markak? Nolakoak?

Inizial batzuk, agian; nik uste izen-abizen batzuen akronimo bat izango dela, eta bihotzen bat ere badago... Horrelako batzuk badaude, baina astakeriarik ez. Egia da lehen eredua beste bat zela, eta orain beste bat abian jarri dugula, baina, nire ustez, hemendik urte batzuetara beste eredu bat sortuko da. Hori bai, betiere dagoen ondarea zainduz. Hori da gure erantzukizuna.

Aizu, proiekzioan arrautza frijitua ere ikusten da?

Bai bai, ikusten da. Kobazuloaren 400 metroak daude eskaneatuta, eta errakuntza tartea zentimetro batekoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.