Andrea Arnold: «Edozein istorio konta daiteke irudiekin bakarrik»

'Wuthering Heights' aurkeztu du Venezian, eta Sono Sionek 'Himizu', Japoniako lurrikaran kokatua

Agentziak
Venezia
2011ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Nobela viktoriar baten egokitzapena eta manga komiki batena.XIX. mendeko Ingalaterran kokatua bata, eta gaur egungo Japonian bestea, azken hondamendiaren bueltan. Oso abiapuntu desberdinak dituzte Veneziako Jaialdian atzo aurkeztu zituzten bi filmak; Andrea Arnolden Wuthering Heights eta Sono Sionen Himizu-k. Badute, ordea, antzekotasunik: istorio latzak kontatzen dituzte biek, natura kontrolaezin baten erdian bakardadea pairatzen duten pertsonaiak ardatz hartuta.

Wuthering Heights Andrea Arnoldek hirugarren lana da, Red Road (2006) eta Fish Tank (2009) filmen ondoren. Haietan bezala, nora ezean dabiltzan pertsonaiak erretratatu ditu oraingoan ere, Emily Bronteren 1847ko izen bereko nobela klasikoan oinarrituta. «Izugarri sakona» da liburua, Arnolden hitzetan; «giza ulermenetik harago doana ia». Amodio istorio ezaguna egokitzeko, naturalismoaren bidetik jo du zuzendari britainiarrak, irudiei lehentasuna emanez. Filmean apenas dagoen musikarik, ezpada haizearen joan-etorriak eta euriaren hotsak osatzen dutena; eta urriak dira pertsonaien arteko elkarrizketak.«Obsesionatuta nago zinemarekin, eta zinema irudiak dira. Edozein istorio konta daiteke irudiekin bakarrik», adierazi du Arnoldek.

Horregatik, pertsonaiak eta haiek inguratzen dituen natura basatia dira filmeko protagonista erabatekoak. «Inguratzen gaituzten paisaiak gure parte dira; egiten duguna baldintzatzen dute. Natura basatia bi pertsonaien arteko pasio kontrolaezin horren parte da», esan du zuzendariak. «Guztiok animaliak gara, eta gutaz espero den moduan portatzen gara, soil-soilik instintuak erreprimitzen badakigulako».

Whutering Heights lanaren aurreko zinemaratzeetan Juliette Binoche, Laurence Olivier eta Ralph Fiennes aktoreak aritu izan dira, besteak beste. Oraingoan, Arnoldek zinema munduan ezezagunak diren bi aktore aukeratu ditu Catherine Earnshaw eta Heathcliffena egiteko: Kaya Scordelario eta James Howson. Scordelariori isiltasunarekin lan egitea «oso interesgarria» iruditu zaio, emozioetan indarra jartzeko aukera ematen ziolako. Heathcliffen pertsonaiari dagokionez, aktore beltz batek interpretatzen du, eta haren bidez arrazismoaren gaiari ere heldu dio Arnoldek.

Hondamendiak eragindakoa

Sono Sion zuzendari, poeta eta performerra ere izan zen atzo Venezian: Himizu aukeztu zuen, Minoru Furuyaren izen bereko manga komikian oinarrituriko filma. Zuzendari japoniarrak aspalditik zeukan buruan proiektua, baina azken momentuan aldaketa batzuk izan zituen hasierako ideiak. Joan den martxoan haren herrialdean izan zen hondamendiaren ondoren erabaki zuen Sionek gidoia testuingurura moldatu eta bere herrikideen egoera agertzeko erabiltzea.

Azken hamar urteetan, manga komiki ugari egin dira «bakardadea, tristura eta isolamendua» ardatz hartuta, eta, Sionen arabera, «egoera hori egia bihurtu da, zoritxarrez, lurrikararen ondoren». Hori dela eta, amaiera aldatzea, berez oso iluna baita, eta irekiago bihurtzea erabaki zuen errealizadoreak. «Jatorrizko mangan ez zegoen itxaropenarentzat lekurik, baina hondamendia gertatu eta gero Japoniari bestelako mezu bat helarazi behar niola sentitu nuen». Shota Sometaini19 urteko aktoreak uste du, berriz, hondamendiak «zer edo zer ona» utzi duela. «Pentsaera berri bat sortu da, eta horrek badu zerikusirik gertatu denarekin».

Himizu-k 14 urteko Sumidaren istorioa kontatzen du: amak abandonatu egin du mutikoa, eta aitak sarritan jipoitzen du. Horren testigu dira kutsu surrealistako hainbat pertsonaia, hondamendiaren ondorioz dena galdu eta gero plastikoz eginiko dendetan bizi direnak. Istorioaren haria hiri suntsituen plano zabalekin txandakatzen du Sionek, atzean Mozarten Requiem obra entzuten den bitartean. Sei hilabeteren ondoren, lehen aldiz kontatu da hondamendia zineman.

Bestalde, atzo jakinarazi zuten Cai Shangjun txinatarraren People Mountain People Sea filma izango dela Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko den 23. filma.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.